Trapujale berriro herrira jaisteko prest

Or, 2014-02-14 12:58

Aurten, bere dantza erakusteko, otsailaren 22an Trapujale Taldeak dantza-tailerra emango du Saldise plazan

Badatoz Inaurteriak Lezon ere, eta horren adierazgarri, gaur goizean Lezoko Udalak herriko eragileekin elkarlanean antolatu duen egitarauaren aurkezpena. Ainhoa Zabalo alkatea, Mikel Arruti Kultura eta Euskara zinegotzia, Xanti Val Kultura teknikaria, Trapujale Elkarteko Juan Luis Urkizu, Dantzazaleon Elkarteko Gurutze Alberdi, Lezoko Institutuko Rafa Aristi eta Pasaia-Lezo Lizeoko Ixiar Arrizabalaga Pikabea, azken hauek herriko eragileen izenean, izan dira prentsaren aurrean sei eguneko egitaraua aurkezten. Urtero legez, Trapujale izango da Lezoko Inauterietako protagonista.

Lezoko Udalak otsailaren 27an hasiko den Inauteriak 2014ko programazioa aurkeztu du. Herriko eragileekin elkarlanean antolatu dute mozorro festa, eta elkarlanaren garrantzia azpimarratu nahi izan du Mikel Arrutik. “Lezo bizi eta dinamikoa nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoa da Udalaren eta eragile ezberdinen arteko lankidetza. Lankidetza hori sustatzeko, eragileak programazioan inplikatzea ezinbestekoa da; bereziki izaera honetako jaietan, haurrak, ikastetxeak eta gurasoak horren inplikatuak egonik. Inauteriena filosofia horren beste adibide bat baino ez da”.  

Jarraian, esker oneko hitzak izan dituzte programazioan aritu diren talde guztientzat. “Zuen ekarpenak programazioa aberasten lagundu digu, eta Inauterietan herritarren partehartzea sustatzen lagunduko digu. Ziur nago. Beraz, mila esker Trapujale Taldeari, Alde Zaharreko Joaldunei beste behin ere Lezora musu-truk etortzeagatik, Tomas Garbizu Musika Eskolari, Lezoko ikastetxeei, Murixka Dantza Taldeari, Lezoko Euskal Dantzazaleak Elkarteari, eta Guraso Taldeei.

Programazioaren aurkezpenarekin hasi aurretik, alkateak herritarrak animatu ditu egun horietarako antolatu dituzten ekimenetan parte hartzera. “Gure-gureak diren ohiturak errotu behar ditugu, eta hori lezoar guztion ardura da. Trapujalerena sustraitu dugu, eta aurrerantzean mantentzen jarraitu behar dugu gure ondorengoek guk adina goza dezaten. Beraz, mozorroa jantzi eta gozatu Inauteriekin”.

Trapujale: Lezoko Inauterien protagonista

Lezoko Inauterietako protagonista Trapujale da, eta abiapuntua Ostegunzurian (otsailaren 27) Jaizkibeldik beherako bidea abiatzean: egun horretan, 16:00etan, Lezoko Herri Eskolako haurrak Trapujale Txikiari ongi-etorria egingo diote; 19:00etan, Trapujaleren jaitsiera izango da Martizkone baserritik. Jaitsiera girotzeko Alde Zaharreko Joaldunen soinu eta dantzak izango dira, Tomas Garbizu Musika Eskolako musikarien eta Trapujale taldearen laguntzarekin. Gurutze Santuaren plazan Inauterietako pregoia irakurriko da.

Ondoren, 20:00etan, Lezoko ikastetxeek (Haurtxo Haurtzaindegia, Lezo Herri Eskola, Lezo Institutua eta Pasaia Lezo Lizeoa) Trapujale oroigarria jasoko dute Gurutze Santauren plazan. Trapujale Elkarteak banatzen du, eta urte guzti hauetan inauteriekin eta Trapujalerekin izan duten inplikazioa eskertzeko helburuarekin ematen dute.

Elkarteko ordezkariek aurreratu dutenez, datorren larunbatean, otsailak 22, Trapujale dantza berria erakusteko tailerra antolatu dute Saldise plazan. Orain arte musika eta doinua zuen kantuari dantza jarri diote. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera izango dira bertan, eta gerturatzen diren herritarrei dantza irakatsiko diete. Entsegua amaitzean Lezoko Irrizaleak taldekoek txokolatea banatuko dute.

Ostiralori, egun osoko programazioa

Otsailaren 28rako egun osoko programazioa iragarri dute. Herri Eskolako eta Institutuko ikasleek kalejira egingo dute, 9:30etatik aurrera. 10:30ean, berriz, Bekoerrota kiroldegian izango dira Euskal Mitologia emanaldia eskaintzen.  

Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleak ohiko Trapujale Festa antolatu dute Gurutze Santuaren plazan. 11:00etatik aurrera Euskal Inauteri dantzen emanaldia, hamaiketakoa eta Trapu Jolasak izango dira.

Arratsaldeko programazioa Murixka Dantza Taldekoek zabalduko dute, Zirikuen kalejirarekin –18:45ean abiatuko dira Bekoerrota kiroldegitik–. 19:30ean Lezoko Euskal Dantzazaleen txanda izango da; Gurutze Santuaren plazan Luzaideko Inauteria eskainiko dute.

Eguna Aizpea tabernan egingo den Barrikotearekin amaituko da. Aurrez, 20:00etan, Enkartelada izango da Gurutze Santuaren plazan.

Larunbatgorri eta Igandubel egunetarako ez dute ezer berezirik iragarri, eta Astelehenarre egunerako (martxoak 3) haurrentzako filma programatu dute Gezala auditorioan: Piccolo eta Saxo. Emanaldia 17:30ean hasiko da, eta doan da.  

Trapujaleren erreketa

Lezoko Inauteriak martxoaren 4an, Asteartebeltz egunean, amaituko dira Trapujaleren erreketarekin. Herri Eskolako 3. zikloko ikasleek Trapujaleren epaiketa eta erreketa txikia antzeztuko dute gainontzeko ikasle eta gurasoen aurrean. Emanaldia 15:15ean hasiko da, Gurutze Santauren plazan. Ondoren, txokolatada izango da Herri Eskolan.

Arratsaldean, berriz, 19:00etatik aurrera, Gurutze Santuaren plazak Trapujaleren epaiketa eta herio bidaia hartuko du mozorro festari amaiera emanez.

Kartelak, larunbatean

Prentsa agerraldian aurreratu dutenez, Inauteriak iragartzeko kartelak bihar bertan jarriko dituzte herriko komertzio eta tabernetan. Aurten ez da diptikorik banatuko etxeetara “egoera ekonomiko honetan gastuak gutxitzeko eta jaiari ahalik eta gutxien eragiteko”, azaldu du Xanti Val teknikariak.