Hasi dira Lezoko zeharbidean egokitze lanak egiten

Ar, 2014-03-11 08:53

Zirkulazioa mantsotzeko eta segurtasuna hobetzeko lanak hilabete eta erdiko epean egingo dira Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru-laguntzarekin

Hasi dira Lezoko zeharbidea egokitzeko lanak. Ginder Ingenieros enpresak egingo ditu, eta aurreikuspenen arabera, hilabete eta erdiko epean amaituta egongo dira. Beraz, ongi bidean apirilerako bukatuta egongo dira.

Zaharberritze lanak honako bi errepide hauetan egingo dira: Errenteriarik Gaintxurizketa gainera doan GI-2638 errepidea (Jaizkibel eta Elias Salaberria hiribideak eta Gaintxurizketa bidea) eta Lezotik Hondarribira, Jaizkibel gainetik barrena doan GI-3440 errepidea (Jaizkibel hiribidea).

Udal ordezkariek azaldu dutenez, proiektuaren helburua da egokitze lanak egitea zirkulazioa mantsotzeko eta, ondorioz, bide segurtasuna hobetzeko. “Trafiko dentsitate handia duten zonaldetan egingo dira egokitze lanak; motordun ibilgailuen abiadura moteltzea lortuko dugu –abiadura muga 50 km ordutik 30 km ordura jaitsiko da–, modu horretan istripuak izateko arriskua nabarmen murriztuko da. Egokitze lanekin, gainera, oinezkoen segurtasuna hobetuko dugu”.

Egokitze lanak

Laburbilduta, jarraian zehazten diren lanak egingo dira: zirkulazio lerroak estutzea eta galtzadaren erdibitzaileetan irletak egitea oinezkoan joan-etorriak babesteko; oinezkoentzat lau pasabide irletadun egitea; erdibitzaile goratuak jartzea egitea; eta azkenik, aparkaleku zerrendak jartzea egitea.

Hasiera proiektuak hainbat aldaketa izan ditu. Esate baterako, Jaizkibel etorbidean aurreikusita zeunden aparkalekuen ordez, bidegorria jarriko da. Bidegorriak bi metroko zabalera izango du.

GI-2638 errepidean, berriz, 30 bat aparkaleku jarriko dira. Era berean, oinezkoen segurtasuna bermatzeko, espaloi zati bat zabalduko dela iragarri dute.

Egokitze lanak egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak 173.000 euroko diru-laguntza jarriko du.