Igerilekuen erabilera komuna amaitzear

Az, 2014-05-28 14:19

Maiatzaren 31n bukatuko da Oarsoaldeko udalerrien eskaintza komuna. Balorazioa positiboa da: zortzi hilabetetan 3.200 erabiltzaile izan dira eta datorren urtean jarraitzeko aukera aztertzen ari dira

Oarsoaldeko igerilekuen erabilera komuna datorren larunbatean, hilaren 31an, amaituko da udako denboraldiaren hasierarekin batera. Horrela eman du aditzera Oarsoaldeko Kirol Koordinazioaren Mahaiak. Ekainaren 1etik, beraz, instalazio bakoitzeko pertsona abonatuak bere instalazioetara bakarrik joan ahal izango dira, ez eskualdeko instalazio guztietara.

Aurtengoa hirugarren ikasturtea izan da igerilekuen erabilera komuna egin dena. 2011-2012 ikasturtean hiru hilabeteko froga egin zen eta 2012-2013an ikasturte osokoa. Ikasturte eta hiru-hilabete horietan, instalazio ezberdinetako abonatuek igerileku publiko guztiak erabiltzeko aukera izan zuten eta esperientzia positiboa izan zen..

Hori horrela, ikasturte honetan esperientziak berean jarraitu du. Oraingoan, 3.200 erabiltzailetik gora kontabilizatu dira. Oarsoaldeko Kirol Koordinazioaren Mahaiak osatzen duten lau udaletako ordezkariek –Lezo, Oiartzun, Errenteria eta Pasaia– pozik daude lortutako emaitzarekin.

Era berean, nabarmendu dute neurri honekin “ezer gehiago kobratu gabe, berea ez den udalerrian lan egiten duten pertsonek bertako igerilekura joan, denbora hobeto antolatuaz, edo eskualdeko herri desberdinetako familia eta lagun taldeek jarduerak taldean egin, elkarrekin igerilekuan egun pasa eginez, edo, besterik gabe, eskualdeko kirol instalazioak ezagutzera emateko aukera eman” duela.

Datorren ikasturteari begira neurria mantenduko den ala ez, ez dute aurreratu. Momentuz, jasotako datuak aztertu eta hurrengo ikasturtean ekimenarekin jarraitzeko aukera “baloratuko” dutela aurreratu dute.