Lezoko Udala zahartzaro aktiboaren alde

Og, 2014-05-29 17:30

Udalak, Osakidetzarekin Osasun Sailarekin eta Ongizate Zerbitzuarekin elkarlanean, Zahartze Aktiboaren aldeko kanpaina jarri du martxan

Proiektuaren helburua 60 urte baino gehiago dituzten bizilagunen bizi kalitatea hobetzea da. Eta bide batez, Lezo zein neurrian den adineko pertsonen ongizatea bermatzen duen herria ezagutu nahi da. Hau da, adinekoen osasunaren mantenua eta euren parte-hartzea sustatzen duen herria ote den.

Horretarako, Lezoko komunitatearen beharren eta indarren azterketa egingo da. Era berean, herritarren parte-hartzean oztopoak direnak identifikatu nahi dira.

Egitasmoan parte hartzen dutenek adineko bizilagunen eguneroko bizitza hobetzeko proposamenak egitea da xedea. Askotarikoak izan daitezke: ingurugiroa, eraikuntzak, errepideak, ekintzak, eta abar. Azken finean, Zahartze Aktiboa sustatu nahi da, ezintasun edo mendekotasun egoerak atzeratzen saiatuz.

Sustatzaileak dagoeneko jarri dira adinekoekin eta euren familiekin harremanetan, baita udaletxeko hainbat zerbitzu eta bestelako sailekin ere. Guztiekin, hiru lan talde antolatu dira: adineko bizilagunak, zaintzaileak eta profesionalak.  

Talde desberdinekin egin beharreko bilerak ekainaren 2an hasiko dira, baina uda pasa arte itxaron beharko da lehen datuak edukitzeko. Hauek aztertu ondoren, jarraitu beharreko Akzio Plana zein den adostu beharko da.