Egitaraua, Emakumeen Nazioarteko Eguna

Az, 2016-03-02 12:08

Udalak, Kuadrillategik, herriko ikastetxeek, Gaxuxak, Osakidetzak eta Osasun Sailak osatu dute elkarlanean

Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta prestatutako programa zabalaren berri eman du Udalak. Jarduera egitarauan Udaleko Gizarte Zerbitzu, Kirola eta Kultura sailak, Kuadrillategik, herriko ikastetxeek, Gaxuxa Emakume Taldeak Osakidetzak eta Osasun Sailak hartu dute parte. Aurkezpen ekitaldian programan partaide direnen ordezkariak egon dira.

Noemi Arberasek, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko zinegotziak, guztiek izandako inplikazioa azpimarratu du, baita jarduera egitarauaren osaketan eskaini duten laguntza. “Taldean lan egiteak dakartzan fruituak egitarauan islatuta ikus daitezke, izan ere, publiko desberdinari zuzendutako zortzi jarduera antolatzea lortu da”, adierazi du.

Halaber, Noemi Arberasek gazte lezotarrek izandako protagonismoa goraipatu du. “Gizon eta emakumeen bizipenak berdintasunean partekatzen dituen gizarte justuago bat nahi bada, beharrezkoa da gazteak berdintasun, errespetu edota tolerantzia kontzeptuen pean heztea. Ildo horretan, aukera ona da Emakumeen Nazioarteko Egunean egingo diren jardueretan horiek parte hartzera bultzatzea. Ideia ona, eta nola ez, pozgarria gazteak partaide direla ikustea”, azaldu du.

Zinegotziak jarduera egitarauan partaide diren taldeen eta erakundeen izenean, herritar guztiei luzatu die ekitaldietan parte hartzeko gonbita. “Herritar guztiek egin behar dugu gure ekarpena. Hutsala badirudi ere, guztien ekarpenak dira onurarako, ondorioz lezoar guztiei antolatu diren jardueretara joatea animatzen zaituztet”, argitu du.

Aldi berean, berdintasun irizpideak egunerokotasunean txertatzeak duen garrantzia azpimarratu nahi izan da. “Era honetako egunak aldarrikatzea ondo dago eta beharrezkoa da. Hala ere, garrantzitsuena berdintasunera jotzen duen gizarte bategatik lan egitea da esparru guztietan, hala nola ikastetxeetan, familian, lanean edota aisialdian”, gehitu du.

Egitarau zabala
Naiara Arrik, Elhuyarreko berdintasunerako aholkulariak, aurkeztu ditu martxoaren 4an hasi eta martxoaren 18ra bitartean egingo diren ekintzak. Datozen bi astetan Lezo hitzaldi, erakusketa, bideo-forum eta musika, antzerki edota zinearekin lotuta dauden jardueren testigu izango da.

Ekintza guztien artetik, lezoar gazteei berdintasunaren inguruan iritziak eta esperientziak partekatzeko aukera ematen diona nabarmendu du. “Ez da ohikoa mota horretako jarduerak egitea, hori dela eta, jakin-min berezia dut bigarren hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako ikasleek Word Kafean atera ditzaketen ondorioen berri izateko, edota Osakidetzak sustatutako ekimenean parte hartu duten gazteek prestatu duten materiala zein den jakiteko. Lankidetza honek aukera ematen digu luzera begira beraiengan berdintasunaren aldeko kontzientziak indartzeko”, argitu du.

Antolatu diren gainerako jarduerei dagokionez, helburua edukia bere baitan hartzen duen programa osatzea izan dela aitortu du Naiara Arrik. “Egitarauaren helburua bertaratzen diren pertsonak hausnarketara bideratu eta horietan aztarna uztea da”, azaldu du.

Egitaraua

  • Martxoak 4: Kuadrillategiko DBH3ko eta DBH4ko gazteekin Berdintasunaz: Hitz eta Pitz World Kafea euskaltegian.
  • Martxoak 5: Las mujeres de verdad tienen curvas bideo foruma Gezala Auditorioan Gaxuxak antolatuta arratsaldeko 18.00etan. Dohain.
  • Martxoak 6: Kulturarekin elkarlana, La esclusa, emakumea eta kartzelaren inguruko antzerkia, Gezala Auditorioan 20:00etan.
  • Martxoaren 7tik-12ra: Herriko ikastetxeek Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egingo dituzten lanen erakusketa herriko espazio publiko ezberdinetan: liburutegian, musika eskolan, euskaltegian, kiroldegian, anbulategian... 
  • Martxoaren 7tik-12ra: Osakidetzako erizainek gazteekin landutako ikus-entzunezko materiala kultur aretoan jarriko den pantailan ikusgai.
  • Martxoaren 7tik-12ra: Gaxuxaren erakusketa kultur aretoan.
  • Martxoak 12: Edith Piafen abestiak Gezala Auditorioan (Pianoa eta ahotsa) 19:00etan.
  • Martxoak 18: Zinegoak, Bilboko gaylesbotrans XIII. zinema eta arte eszenikoen, jaialdiko irabazlearen film laburraren emanaldia (Aitana Mantangorriak, De que lado me olhas, Garelako, À qui la faute?, Rebel Menopause eta Betty) Gezala Auditorioan 21:00etan.