Genero indarkeriaren aurka

Ar, 2016-07-26 13:54

Lezoko Udalak asteburuan Lezon, Getxon eta Errenterian izan diren eraso sexistak salatu nahi ditu eta herritarrei bihar antolatu den elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatzen die

Lezoko Udalak igandean gazte lezoar batek jasandako eta Getxon eta Errenterian izandako eraso sexistak salatu nahi ditu. Honen aurrean Udaletik adierazi nahi da publikoki eta aho batez emakumeenganako indarkeria era guztien gaitzespena egiten dela. Horrelako gertaerak ez dira onartzen gure gizartean eta horregatik, erakunde, elkarte eta herritarrak lanean jarraitu behar dute, emakumeak indarkeria matxistarik gabe bizi daitezen.

Helburu horretan, instituzioek eta herritarrek bat egin behar dute, guztion ardura baita indarkeria sexisten aurrean erantzun egokia ematea eta indarkeria sexistak ekiditeko baliabideak jartzea. Honen harira, txalotzekoa da Lezoko kasuan herritarrek erasoaren aurrean izan duten jarrera, horiek eskainitako laguntzari esker erasotzaileak ez baitzuen bere xedea lortu.

Lezoko Udalak beharrezko eta premiazko jotzen du mekanismo guztiak artikulatzea berdintasunezko gizartea eraikitzeko eta bide horretan hasitako bidearekin jarraituko du berdintasun-politikak hauspotuz edota indarkeriaren aurkako ekintzak antolatuz.

Era berean, Oarsoaldeako Udalek, Errenteriako Berdintasunerako Kontseiluak eta Pasaiako Emakumeen Mahaiak bat egiten dute bihar, hilak 27, arratsaldeko 19.30ean, eraso sexistak salatzeko Lezoko elkarteek eta hainbat herritarrek herriko plazan antolatu duten elkarretaratzearekin eta herritarrei bertan parte hartzeko deia luzatzen die.