ALKATEAREN AGERRALDIA

Ar, 2013-04-09 15:12

Azken asteko gertakarien harira, Ainhoa Zabalo Lezoko alkateak prentsa agerraldia eskaini du. Azken egunetan Lezon udal baliabideen aurkako bandalismo ekintzen aurrean Udal Gobernu Batzordeak hartutako neurrien berri eman du.

  • A. Zabalo: “Atez atekoa jartzera goaz eta bandalismo ekintzen aurrean neurriak hartu ditugu”
  • Lezoko Udalak hiru herritarrei espedienteak ireki dizkie zintzilikarioaK kendu eta torlojuak puskatzeagatik

Zabalok jakinarazi du hiru herritarrei espedienteak ireki dizkiela Lezoko Udalak zintzilikarioak kendu eta torlojuak puskatzeagatik. Alkateak adierazi du Lezoko Udalaren eginbeharra dela hiri-altzariak zaindu eta egoki mantentzea, eta “tinko” halaxe egingo duela azaldu du. Herritarrei zerbitzu publikoa eskaintzera bideratutako hiri-altzarien aurka egindako ekintza oro gaitzesten duela azpimarratu du Udal Gobernuak, eta halako ekintzarik berriz ere gerta ez dadin, hiru herritarrei zehazki 1.500 eta 3.000 euro arteko isuna izan dezaketen espedienteak ireki dizkiela jakinarazi. Bide batez, alkateak zenbait udaleko ordezkari eta udal langilek jasandako mehatxu eta irainak ere salatu ditu.  “Lezoko Udaleko Gobernu Batzordeak ez du inolaz ere onartuko, ezen Udaleko ordezkari edota brigadako udal langileek, bere jarduna betetzen ari diren bitartean, mehatxu eta irainak jasan behar izatea” azaldu du Zabalok.

Zabalok Lezo Garbia plataformaren jarrera era salatu nahi izan du. Azken gertakarien aurrean plataformak erakutsitako “aurpegi bikoitza”  izan du hizpide alkateak: “Plataformak egindako azken bileran,  argi eta garbi intsumisiorako deia egiteaz gain, zintzilikatzekoak kendu eta haustera gonbidatu zituzten herritarrak. Gertaturako ekintzen ondoren, berriz, komunikabideetan halako ekintzak kondenatu egiten dituztela adierazi dute bertako kideek. Lehenik krispazioa hauspotu eta gero kondenatu? Halako jarrerak guztiz onargaitzak direla iruditzen zaigu”.

Agerraldian, apirilaren 4ko gauean Tomas Garbizu kaleko 19 eta 20 zenbakietan gertaturikoa azaldu du alkateak, eta era berean alkateak deituta bertaratu ziren ertzainen jarrera eta portaera ere salatu ditu Zabalok. Zenbait herritar udaltzainen aurrean identifikatzera ukatu ostean, Ertzainek identifikazioa gauzatu gabe alde egin zutela kontatu du Zabalok, alkatea bera eta zinegotzi batzuk “asaldaturik zeuden” 40 pertsonen aurrean bakarrik utziz: “Ertzainzak alde egin ondoren tentsio uneak sortu ziren eta irain eta mehatxuak jasan behar izan genituen. Etorri ziren ertzainen profesionaltasun eza eta bere betebeharren aurrea agertu zuten utzikeria salatzeko, kexa formala aurkeztu dugu dagoeneko, beharrezko neurriak hartu daitezen.”

Amaitzeko, Zabalok gogorarazi du atez ateko sistema ezartzeko azken fasean daudela eta laster iritsiko dela Lezora albiste pozgarririk: “Udal Gobernu Batzordeak ongizate iraunkorraren bidean tinko jarraituko du lanean; arazoak-arazo,  2013an %80 inguruko gaikako bilketa emaitzak lortzeko bidean gaude, eta denon artean, behin atez ateko bilketa ezarrita, lortuko dugu”

 

Arloa edo saila