Kontsumo Arduratsuaren Azokan 50 postu inguru egongo dira

Az, 2014-11-26 12:10

Hogeita hamahiru herritarrek eman dute izena bigarren eskuko objektuen postua jartzeko

Karlos Saldise plazak Kontsumo Arduratsuaren Azokaren hirugarren edizioa hartuko du azaroaren 29an. Bertan, herritarrek etxean dituzten bigarren eskuko objektuak saltzeko aukera izango dute: arropak, tresnak, CDak, DVDak, liburuak edo-eta bestelako objektuak. Guztira, hogeita hamahiru eskaera jaso dira, eta asmoa guztiei lekua egitea bada, udaletik aurreratu dute “espazioak eta eguraldiak” mugatuta daudela. Edozein kasutan, bi eguneko epean eskaera egin duten guztiekin jarriko dira harremanetan salmenta postua izango duten ala ez jakinarazteko.

Herritarren salmenta postu horiez gain, Eskolen gunea izango da, bertan eurek bildutako produktuak saltzeko, zein hazien tailerraren berri emateko; nekazal gunea, Lezon bertan ekoizten diren garaiko nekazal produktuen erakustoki; Goiener, Askekintzak eta Fiarek postu bana jarriko dute; Erlemunduak, ezti dastaketa eta salmenta iragarri ditu; Gaxuxa Emakume Taldea bertan izango da, eta Paleikek, paleekin egindako altzariak jarriko ditu.    

Auzokonposta
Beste hiru hitzordu nabarmendu behar dira: 11:30etatik 12:30etara egingo den hondakinen berrerabilpen tailerra, gaztetxoei zuzendua –tailerrean parte hartu nahi dutenek brika edo plastikozko botila eraman beharko dute–; 13:00etan Udal ordezkariek egingo duten auzo-konpostaren aurkezpen ekitaldia, eta 13:15ean egingo den pintxo-dastaketa, tokian tokiko produktuekin Lurlan Baserritar Elkarteak egindakoak.
 

Arloa edo saila