Oarsoaldeak eskola kirola programaren 2012/13 ikasturteko datuak aurkeztu ditu. Oarsoaldeko lau udalek 14 bat urte daramatzate Eskola Kirolaren kalitatea hobetzeko lanean. Kirol eta euskara teknikarien lan-mahai batek, eskola kiroleko koordinatzaileen bitartez gidatutako lanari esker, entrenatzaileen kirol prestakuntza eta euskararen ezagutza eta erabilera ahalbidetzen dira gaur egun.
Aiora Perez de San Roman-ek, Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakariak adierazi duen bezala, agerraldi honen helburua hasi berria dugun ikasturteko Eskola kirolaren datu esanguratsuenak ezagutzera ematea da.
Aurten ere eskualdeko eskola kirolak azken urteetako bilakaera paregabeari eusten dio, datuak ikusi besterik ez dago. 8 eta 12 urte arteko 1.305 ikaslek egiten dute eskola kirola Oarsoaldean 122 taldetan banatuta: 62 talde Errenterian, 25 Oiartzunen, 20 Pasaian, eta 15 Lezon. 67 entrenatzaile arduratzen dira 122 talde horien saioak gidatzeaz.
Datu hauen benetako neurria eta garrantzi izugarria argiago ikusteko, eskualdeko lau herrietako ikastetxeetan matrikulatuta dauden 8-12 adin-tarteko ikasleak 2.695 direla ikustea besterik ez dago. Hau da, 2.695 ikasleko unibertso batetik 1.305ek egiten du Eskola Kirola, erdiak hain zuzen ere.
Datu honek eskola orduz kanpo haur eta gaztetxoek egiten dituzten jardueren artean nagusi bihurtzen du Eskola Kirola. Hortik, besteak beste, bere garrantzia.
Bukatzeko, aipatu beharra dago, nesken parte hartzea poliki bada ere, gorantz doala urtez urte. Nesken %34,26k hartzen du parte eskola kirolean. Mutilen artean ehuneko hori %62,05 den bitartean.
2012-13 ikasturteko Oarsoaldeko Eskola Kirolaren datuak |
|
8-12 urteko ikasleen unibertsoa |
2.695 |
Eskola Kirolean dabilen ikasle kopurua |
1.305 |
Eskola Kiroleko talde kopurua |
122 |
Eskola Kiroleko entrenatzaile kopurua |
67 |
Mutilen parte-hartzea |
852 mutilen unibertsoaren % 62,05 |
Nesken parte-hartzea |
453 nesken unibertsoaren % 34,26 |