Aurkikuntza interesgarriak Mukitar-en

Og, 2011-10-20 15:44

Udaleko ordezkariak Jaizkibelgo Mukitar zelaian (Munttar bezala ezaguna) egiten ari diren indusketak ikustera joan dira. Zehazten enpresako kideak ari dira indusketa horietan lanean, hainbat boluntarioren eta lan-talde zabal baten laguntzarekin.Azpimarratzekoa da, besteak beste, Albaola elkartearen eta Pasaiako Bixi Bixi elkartearen laguntza.

Indusketaren nondik norakoez gehiago jakiteko, Zehazten enpresako Xabier Alberdirekin egon gara.

 

Nolatan hasi zarete Jaizkibelen indusketa hau egiten?

20 urte daramatzagu indusketak egiten. Antzinaroko eta Erdi Aroko populazioaren ikerketa egitea da helburua. Barnealdea gehiago ezagutzen da eta horrek bultzatu gintuen kostara jotzera. Azken 20 urteetan Gipuzkoako kostaldera bideratu ditugu indarrak. Aurkikuntzak egin ditugu Zarautz, Mutriku, Getaria eta Astigarragan. Orain, Jaizkibelen txanda da.

Indusketak ez dituzue nonahi egingo. Nola identifikatzen da interesgarria izan daitekeen gune bat?

Indusketarekin hasi aurretik ikerketa dokumentala egiten da, gutxi gorabehera, zein kokagunetan lan egin jakiteko. Antropizatuago egon daitezkeen eremuak zein izan daitezkeen identifikatzen saiatzen gara.

Ondoren, geografiaren azterketa egiten da. Bizitokirako leku egokia zein izan daitekeen aztertzen da. Baita azterketa geografiko mikro bat ere, interesgarria izan daitekeen lekuan bertan.

Satorzuloak ere mihatzen ditugu, satorrek egiten dituzten tontortxoetan, lurrarekin batera azpiko materialak ere ateratzen baidituzte. Aurrez egiten den lan horrek guztiak, zerbait aurkituko dugunaren zantzuak eta susmoak ematen dizkigu.

Mukitar-i dagokionez, susmo horiek badituzue?

Bai, bagenekien aspaldi erabilitako saila zela. Bertaratuta gailur batean egon arren, lautada bat badagoela ikusi genuen. Babesleku gisa erabiltzeko arpe mordoa dagoela ere ikusi genuen, baita gizakiak egindako aterrazamenduak ere.

2009an, metro karratuko zuloak egin genituen eta zer aztertua bazegoela ikusi genuen.

2010an aztarnategia bazela ikusita, zundaketak egin genituen. Estratigrafia aztertu eta hiru maila zeudela ikusi genuen: Erromatar garaikoa, Burdin Arokoa eta Paleolitiko garaikoa.

Zein dira indusketa egitera bultzatu zaituzten hipotesiak ?

Alde batetik, frogatutzat eman dezakegu burdinaro amaiera eta erromatar gairaren hasierako aztarnategi baten aurrean gaudela. Interesgarria da, trantsizio horren berri emango digun datu berriak eskuratu ditzakegulako.

Bestetik, badirudi ere burdin aroko castro herrixka horietako bat egon zela hor. Zein ezaugarri izan zituen, noiztik, etab. aztertzeke dago. Oarsoalde-Bidasoaldean ez da orain arte horrelako herrixkarik topatu. Gainera, bereizgarri garrantzitsua ere izango luke, itsas bazterreko aurrenetarikoa izango bailitzateke. Gure ustez, Pasaiko portuaren gunean kokatutako herrixka litzateke, herrixka maritimo bat.

Erdiaroko eta paleolitikoko aztarnategi bat da. Ez gara iritsi maila horretara, baina materialak agertzen zaizkigu. 10.000 urtetik atzerako aztarnategi bat da. Ez dira maiz topatzen horrelakoak, are gutxiago aire librean, eta ez orain arte bezala leizezuloan.

Lehendik egindako lanei esker, pisuzko hipotesiak dauzkagu. Orain, hipotesi horiek frogatu behar ditugu.

Arloa edo saila