Lesoinurekin belarriak goxatzeko aukera izango da

Ar, 2014-04-01 13:01

Aste Pedagogiko Musikalarekin musika jardueraz gozatzeko aukera izango da Lezoko areto eta kaleetan zehar apirilaren 4tik 11ra bitartean

Gaur goizean aurkeztu dute Lesoinu Aste Pedagogiko Musikalaren XXVIII. edizioa. Ainhoa Zabalo Lezoko alkatea, Mikel Arruti Lezoko Udaleko Kultura zinegotzia eta Xanti Espina “Tomas Garbizu” Lezoko Udalaren Musika Eskolako zuzendariak parte hartu dute agerraldian.   

Tomas Garbizu Lezoko Udalaren Musika Eskolaren eskutik, aurtengoan 28 urte beteko ditu Lesoinu musika zikloak. 1986. urte aldera hasi zen Aste Pedagogiko Musikala, hiru hamarkadetako ibilbidean zehar gorpuztu eta sendotu egin da, gaur egun erreferentziazko musika egitasmoa bat izatera iristeraino.

Aurkezpen ekitaldian, antolatzaileek “harro eta pozik” aurkeztu dute aurtengo edizioa, musika zikloak duen “izaera pedagogikoa” azpimarratuz eta musikazale guztiei zuzenduriko ekimena dela adieraziz. “Ostiraletik hasita, apirilaren 11ra bitartean, egitarau oparoa antolatu dugu. Oparoa eta anitza, Lesoinu badelako musika aldi bat, askotariko ikuspegitatik musika bizi duten guztiei zuzendutako zikloa.

Fusioa ardatz

Xanti EspinaTomas Garbizu Lezoko Udalaren Musika Eskolako zuzendariak musikaren eta pedagogiaren arteko “fusioaz” hitz egin du, orain arteko edizioetan bezalaxe aurtengoan ere horixe izango delako egitasmoaren ardatza. “Musikari, artea izateaz haratago, esanahi pedagogiko bat eman eta Lezoko herritar guztiek, bereziki Musika Eskolako ikasleek, diziplina eta ikuspegi ezberdinetako musika ekimenez gozatzeko aukera ematean datza Lesoinu” azaldu du Espinak.

Baina musika ikasleez haratago, Lesoinu Musikazale guztiei zuzenduriko ekimena dela nabarmendu dute: ikasleei, irakasleei edo-eta molde orotako musikazaleei bideratuta dagoena. Guztiak gonbidatu dituzte zortzi egunetan zehar antolatu diren musika emanaldiak jarraitzera.

Emanaldi horietan, Tomas Garbizu Musika Eskolako ikasleak izango dira protagonista. Baina ez bakarrak. Horrela eman du aditzera Xanti Espina zuzendariak egitaraua aurkeztu duenean (ikus eranskina). Guztira, 19 talde ariko dira Aste Pedagogiko Musikalean; horietako zortzi, Musika Eskolakoak. Emanaldiak, berriz, Musika Eskolan, Gezala Auditorioan eta Lezoko kaleetan tartekatuko dira.

Arloa edo saila