Lezoko Udaleko udaltzainen zerbitzuak aldaketak izango ditu 2012an. Eguneko zerbitzuak indartu egingo dira, gaueko zerbitzuaren kaltetan. Izan ere, 10.000 biztanletik beherako Gipuzkoako herrietan, Lezo zen udaltzainen gaueko zerbitzua mantentzen zuen bakarretakoa. Ondorioz, gauean larrialdiren bat gertatuz gero, Ertzainak bertaratuko dira eta, orain arte bezala, herritarrek 112 telefonora deitu beharko dute.
2012ko aurrekontuak doitu beharra
Udalak herritarrekin eta elkarteekin eduki dituen bileretan argi azaldu duenez, aurten ahalegin berezia egin behar izan du udalak urteko aurrekontuak doitzeko. Izan ere, krisiaren eraginez nabarmen egin dute behera diru-sarrerek eta, ondorioz, hainbat zerbitzu berrikusi behar izan dira; tartean, udaltzainena, herritarrekin egindako bileretan aipatu izan den bezala.
2011ko udazkenean hasi ziren udaleko ordezkariak udaltzainekin batera zerbitzua berrikusi eta zerbitzu horri dagokion aurrekontua doitzen. Herritarrei ahalik eta zerbitzurik egokiena eman eta udaltzainen lan-baldintzak mantentzea izan dira uneoro lehentasunak.
Haatik, udalak egindako ikerketan ikusi denez, 5.000-10.000 biztanle bitarteko Gipuzkoako 10 herritatik 2k soilik dute udaltzainen gaueko zerbitzua. Horregatik, zerbitzu hori kendu eta egunekoa indartzea erabaki zen. Hartara, 120.000 euro aurreztuko dira urtean.
Ertzainekin ere bilera egin da murrizketaren berri emateko.
Udaltzainekin datorren astean da sinatzekoa lan-baldintza berriak finkatzen dituen hitzarmena.
2012ko udaltzainen zerbitzua
Aurrerantzean, udaltzainen zerbitzua goizeko 6:00tatik 22:00ak bitarte egongo da, eta uneoro bi udaltzain egongo dira herritarren zerbitzura.
Asteburuetan berriz, eguneko zerbitzua ere indartua aterako da. Azarotik apirila bitarte, goizez bi udaltzain egongo dira eta arratsaldez bat. Uda aldera berriz, apiriletik azarora, goizez udaltzain bat eta arratsaldez bi.
Jaietan ere zerbitzu berezia egongo da eta gaueko zerbitzua mantendu egingoo da, bai maiatzeko jaietan, bai Altamirakoetan baita irailekoetan ere.
Dena dela, orain arte bezala, edozein larrialdi gertatuz gero, 112 telefonora deitu eta beharrezko zerbitzu osoa jasoko dute lezoarrek.
Azkenik, udaletik jakinarazi nahi izan da 2012rako udaltzainekin adostu berri den zerbitzuari jarraipena egingo zaiola eta, herritarrek beharrak aintzat hartuta berrikuspenak egin ahal izango direla.