Zortzi emakumek sei hilabeteko eta lanordu osoko kontratua sinatu dute eskualdeko enpresekin
Lezoko Udalak, Oarsoaldeako Garapen Agentziarekin elkarlanean eta Udaleko Gizarte Zerbitzuen departamentuarekin koordinazioan eta Gipuzkoako Foru Aldundiko kofinantzazioarekin, abian du Kokatu izeneko egitasmoa, Lezoko emakumeei zuzendutako lan-munduan txertatzeko enplegu programa. Egitasmoari esker, abenduaz geroztik zortzi emakumek sei hilabeteko eta lanordu osoko kontratua sinatu dute eskualdeko beste horrenbeste enpresetan.
Urteak dira Lezoko Udaleko Gizarte Zerbitzua eta Oarsoaldea Garapen Agentziako Enplegu Zerbitzua elkarlanean ari direla pertsonen gizarte eta lan txertatzeko prozesuak sustatuz. Kontratazio Publikoetako programetan eskaintzen diren lanpostu askotan (igeltseroak, margolariak, lorezainak eta antzekoak) emakumeek gizonezkoek baino aukera gutxiago dituztela ohartuta, eta kontratu horiek hasera eta amaiera data bat dutela ikusita, egoera iraultzeko enplegu egitasmo berritzailea diseinatu dute: Kokatu egitasmoa. Horrela laburbildu du egitasmoa Ainhoa Zabalo Lezoko alkateak.
Kokatu gizarte eta lan txertatze prozesu horietan dabiltzan Lezoko emakumeei zuzendurik dago, eta abenduaz geroztik zortzi emakumek sei hilabeteko eta lanaldi osoko kontratuak sinatu dituzte eskualdeko hainbat enpresekin: Alcampo, Limpiezas galaxia, Limpedur, Eulen, Fan Fan 20 eta Lavandería Itxaso.
Emakumeen eta enpresen hautaketa prozesua luzea izan da. Lehenengo fase batean emakumeak elkarrizketatu ziren, eta behin zortzikotea osatuta, bakarkako eta taldekako lanketak egin ziren. Konpetentzia pertsonalak lantzea zen helburua: autonomia, antolakuntza pertsonala, lan elkarrizketei nola aurre egin, eta abar. Alegia, lan-munduan ahalik eta ondoen integratzera bideratutako oinarrizko kontzeptuak. Bide batez, prozesu horrek emakumeen gaitasunak ezagutzeko aukera eman du.
Bitarte horretan, eskualdeko enpresekin hitz egin zuten haien beharrak ezagutzeko. Enpresen inplikazioa errazteko, Kokatu egitasmoan parte hartzen duten enpresentzat diru-laguntzak adostu ziren. Zehazki, enpresa bakoitzak 10.000 euro jasoko ditu. Azken urratsa enpresak eta emakumeak “ezkontzea” izan da, emakume bakoitzari ondoen dagokion lanpostua emateko. Bestalde, prozesu horren beste helburuetako bat emakumeei lanpostua neurrira bilatzea izan da.
Azken emaitzak aho zapore gozoa utzi du emakumeen eta enpresen artean. Protagonisten hitzek berretsi dute sentsazio hori. Izaskun Morante zortzi emakume horietako bat da. Bere hitzetan, “Oso pozik nago. Kokatu egitasmoari esker nire egoerak hobera egin du. Langabezian nengoen eta nire egoeran zaila zen lanpostu bat aurkitzea. Lankideekin dudan harremana oso positiboa da eta hori oso lagungarria da bai lan honetarako baita beste batzuetarako”.
Fran Garagarza Limpedur S.L. enpresako kudeatzailea da. Bera ere pozik agertu da: “Gure kezka bakarra zen emakumeak nola erantzungo zuen, eta kasu honetan ez dugu arazorik izan. Lan mundutik kanpoan dauden pertsonek zaila daukate lana topatzea eta gure aldetik aukera ematea garrantzitsua da. Asko ikasi du eta gure asmoa, posible bada, kontratua luzatzea da”.
Jarraipena
Abenduaz geroztik, Oarsoaldea Garapen Agentziako teknikari bat astero-astero elkartzen da emakumeekin eta enpresetako ordezkariekin. Helburua da jarraipena egitea eta behar den laguntza ematea. Zeregin horretan Marina Baquero Oarsoaldeako Enpregu teknikaria dabil, eta orain arteko balorazioa ona izaten ari dela esan du, “esperientzia aberasgarritzat” definitu du.
Sei hilabeteak maiatzean bukatuko dira. Hortik aurrera, Kokatu egitasmoaren beste helburuetako bat kontratu horiek jarraikortasuna izatea da. “Kontratazio publikoetako programetan egiten diren kontratazioak bukaera data izaten dute, hasi eta bukatu egiten dira. Jarraitasunik ez dute izaten. Kasu honetan enpresa pribatuekin ari garenez, jarraikortasun bat izatea nahi dugu. Kasu guztietan ematea zaila izango da, baina baten batek kontratua luzatzea espero dugu”.
Lezokoa esperientzia aitzindaria da. Baina egitasmoak interesa piztu du eta Oarsoaldeko eskualdeko beste herrietan (Errenteria, Pasaia eta Oiartzun) antzeko esperientziak bideratzen hasiak dira. Patxi Arrazola Oarsoaldea Garapen Agentziako Enplegu Saileko zuzendariaren hitzetan, “krisi garai honetan egitasmo berritzaileak behar ditugu, eta halako kasu baten aurrean gaude. Zailtasunak zailtasun, Kokatu baliagarria da zailtasunak dituzten pertsonei lan-munduan txertatze prozesua errazteko”.