Kepa Garbizu alkateak “gogoz kontra” eta “herritarren borondatearen aurka” jarritako ikurra dela gogorarazi du
Lezoko Udalak Espainiako bandera jarri du gaur goizean udaletxeko balkoian eta Batzar Areto Nagusian. Kepa Garbizu alkateak komunikabideen aurrean adierazi duenez, “Espainiako bandera zigor mehatxupean jarri da. Hain zuzen, nire jardunaren inhabilitazioa ekar dezake. Horrela jakinarazi digute udaletxeko abokatuek”.
Inhabilitazioak inhabilitazioa, alkateak larriagotzat jo du Espainiako bandera “gogoz kontra eta herritarren borondatearen aurka” jarri behar izana. “Inposizioa larria da”.
Espainiako Auzitegi Gorenak 13/2012 errekurtsoan emandako 223/2012 epaiaren bidez behartu zuen Lezoko Udala Espainiako bandera jartzera. Lezoko Udalak orduan onartu zuen adierazpena gogora ekarri du alkateak, “gaur sentitzen dugunaren isla delako”.
“Herri bat herri da, iragan eta etorkizun, osatzen duten pertsona gehienak hala sentitzen dutenean. Ikur bat ikur da: logo, oihal zati, margo. Gertatu ohi da ikurra herri baten ametsaren seinbolo izatea. Orduan baliagarria da, gutasunaren sentipen txikien piztaile delako, ez gehiego.
Gerta liteke ikurra herriaren ametsaren sinbolo ez izatea. Indarrean legez eta legearen indarrez ezarria izatea. Orduan ere baliagarria izan liteke, inposaketaren sinbolo bihurtzen baita, bizilegeko gabezien gogoratzaile.
Bandera espainiarra zigor mehatxupean ezarritako sinboloa da gure erakundean. Lezoar gehienon nahiaren aurka eta beren ordezkarien erabakimenaren kontra jarria dago. Herritarren borondatearekiko errespetu falta, askatasunez erabakitzeko eskubidearen ukapena. Horra bada bandera, egoeraren ikur, jarri duenak berak jarri duenak berak jarri nahi ez duen oihal. Haizeak ironiaz darabil”.
2012az geroztik
Lezoko Udalak 2012. urtean jaso zuen Espainiako banderaren auziarekin lotutako lehenengo jakinarazpena. Carlos Urquijo EAEko Gobernu ordezkariak administrazioarekiko auzia jarri zuen Lezoko Udalaren aurka, eta exijitu leku preferentea ematea, barruan eta kanpoan.
Udalak helegitea jarri zuen, baina 2013an bertan behera utzi zuten. 2015eko urrian sententzia iritsi zen; bertan, Auzitegi Nazionalak Espainiako bandera “leku nabarmen, ageriko eta ohorezkoan” jartzeko agindua ematen dio Udalari.