EAJ-PNVk eta EHBILDUk akordioaren garrantzia nabarmendu dute, eta etorkizunean zabor bilketa sistemaren inguruan liskarrik ez sortzeko konpromisoa adierazi dute
Lezoko Udalak joan den otsailaren 5ean aurreratu bezala, udalerriko EAJ eta EHBILDU talde politikoek etorkizunerako zabor bilketa sistema adostu dute: sistema mistoa. Horrela iragarri dute Kepa Garbizu alkateak eta Ainhoa Zabalo EHBILDUko bozeramaileak gaur goizean emandako prentsaurrekoan.
Lezoko alkate Kepa Garbizu eta EHBILDUko bozeramaile Ainhoa Zabalo baikor agertu dira komunikabideen aurrean. Lehenik eta behin, biek ala biek akordioaren garrantzia azpimarratu dute eta jakinarazi dute urratsez urrats elkarri emanez lortu dutela akordioa “Bakoitzak eman du, guztiok irabazteko”, adierazi dute.
Bi alderdiek lortutako akordioa aitzindaria izan da. Aitzindaria izan da Gipuzkoako lehen udalerria baita halako prozesu bat akordio bidez ixten dena. Eta aitzindaria izan da mahai baten bueltan eseri eta akordioak gauzatzeko borondatea egon delako. “Ariketa interesgarria izan da, eta era berean kontuan hartzeko ikasgaia. Ikuspuntu eta politika egiteko molde ezberdinak dauzkagu, baina herri politikagintzan gabiltzanok gehiagotan egin beharreko ariketa da”.
EAJk eta EHBILDUk adostutakoa ez da unean uneko akordioa, etorkizuneko zabor bilketa sistema zehaztuko duen akordioa baizik. Hori ere argi azaldu dute. “EAJ edo EHBILDU agintean egon, Lezon zabor bilketa sistema mistoa izango da. Ez baita inondik inora jasangarria lau urtetik behin sistema aldatzen aritzea”.
Era berean, gaineratu dute sistema mistoa ez dela berez beste sistemak baino zikinagoa/garbiagoa “pentsatu al dugu inoiz zein garbi/zein zikin diren edukointziak?”, galdetu dute. Eta jarraian, alderdi bietako ordezkariek azpimarratu dute herrirako adostu duten bilketa sistemaren kudeaketa jasangarria dela ekomikoki: “eraginkorrak izatea gure esku, herritar ororen esku”, dagoela adierazi dute.
Galdeketa saihestu izanari garrantzia eman diote Kepa Garbizuk eta Ainhoa Zabalok. “Aurrez ere nahikoa liskar sortu da herrian hondakinen kudeaketaren kontura. Gipuzkoako beste herrietako esperientziak hor daude, egoki kudeatzen ez badira tentsioa sorrarazten dute galdeketek, aldekoen eta kontrakoen taldeak sortzen dira. Eta noski, ikuspegi ekonomiko batetik, gainkostua dakarte”.
Azkenik adierazi dute erabakia hartzeko garaian egungo eta etorkizuneko Lezori begira jarri direla: “ausarta izan da gure erabakia, eta behin hondakinen gainekoa adostu dugun honetan, gure indarrak kanalizatu nahi ditugu Lezon ditugun lehentasun handiko arazoei irtenbidea ematera”.
Akordioaren oinarriak
Jarraian, bi talde politikoen artean lortutako akordioaren oinarriak azaldu dituzte. Bat egitearen arrazoiak sei dira:
- BAT EGIN DUGU esateko Lezorako hondakinen bilketa sistema nahi dugula izatea guztion adostasunez lortutako bilketa sistema bat. Azken batean zera nahi baitugu: ezarriko den sistema hori lezoarrok liskarretik urrun ontzat jotzea behin betiko.
- BAT EGIN DUGU esateko ezarriko dugun hondakinen bilketa sistema ezin urrundu litekeela % 80ko birziklatze emaitzetatik, gure herriari eta munduari begira jarrita birziklatu beharra gutako bakoitzaren egitekoa dela nahitaezkotzat jotzen dugulako.
- BAT EGIN DUGU esateko beharrezkoa izango dela gaur egun gure etxeetan egiten dugun hondakinen gaikako sailkapena aurrerantzean ere egitea, behin hala eginda Udalak hondakinak bereizita jasotzen segi dezan.
- BAT EGIN DUGU esateko beharrezkoa dela hondakinak kaleratzeko maiztasuna ezartzerakoan atentzio berezia jartzea errefusean, jakin baitakigu zenbat eta gehiago handiagotzen den frakzio hori orduan eta gehiago txikiagotzen dela lortu ahalko den birziklatze emaitza. Nahitaezkoa izango da, beraz, errefusaren maiztasuna arretaz zaintzea, esan bezala, emaitzak bermatze aldera.
- BAT EGIN DUGU esateko beharrezkoa dela emaitzen jarraipena egitea, hobekuntzak egin ahal izateko sistemari emaitzak urrunduz gero adostutakoetatik.
- BAT EGIN DUGU esateko desiragarria dela bilatzea bilketa sistema bat zeinaren ordutegietatik ahalik eta libreen egongo den herritarra, inportantea baita -behin % 80ko tasa bermatuta- herritarra bilketa sistemarekin ahalik eta erosoen sentitzea.
Sistema berria, 2017an
Horiek dira akordioaren oinarriak. Zabor bilketa sistema mistoa, berriz, 2017an sartuko da indarrean –gaur egun dagoen bilketa kontratua amaitzena–. Udalak azterketa teknikoa kontratatu du sistema mistoa modurik eraginkorrenean ezartzeko. Hala ere, prentsaurrekoan aurreratu dutenez, egun dauden zintzilikarioak mantendu egingo dira materia organikoa eta errefusa jasotzeko eta edukiontziak jarriko dira papera eta ontzi arinak jasotzeko.
Momentuz ez da besterik aurreratu, azterketa teknikoak erakutsiko baititu besteak beste, edukiontziak non kokatu, maiztasuna eta bestelako xehetasunak. Edozein kasutan, sistema berria indarrean jarri aurretik Lezoko Udalak herritarrak informatzeko kanpainari ekingo diola aurreratu du. Eta epe motzean, herriko elkarteekin bilera erronda egitekoa asmoa iragarri dute, “akordioaren berri aurrez aurre emateko”.