2018rako aurrekontuak onartu dira

Or, 2017-12-01 10:43

Onartu berri den aurrekontu proiektuak helburu du herritarren behar eta eskariei erantzutea eta herriko irisgarritasuna hobetzea. Ildo horretatik, gizarte zerbitzuei eta enplegu sustapenari lotutako diru lerroak mantendu dira eta kirolak, kulturak eta zahartze aktiboak lehentasunezko gaiak izaten jarraituko dute. Inbertsioen atalari dagokionean, bereziki herriko kaleak hobetu dira atseginagoak, irisgarriagoak eta seguruagoak izan daitezen herritarrentzat.

Udalbatzak 2018rako aurrekontuak onartu zituen atzoko Osoko Bilkuran. EAJ-PNVren eta PSE-EEren zinegotziek aurrekontu proiektuaren alde egin zuten, EH Bilduk aldiz aurka. Atzo onartutako proiektua udal gobernuak proposatutako proiektu bera da ez delako bestelako proposamenik jaso.

Gauzak horrela, datorren urtean Lezok 8.400.000€ko aurrekontua izango du eta onartutako aurrekontu proiektuak legeak ezarritako irizpideak betetzen ditu aurrekontuen egonkortasunari eta finantzen iraunkortasunari dagokienean. Aurrekontu proiektu honen helburu nagusia da herritarren behar eta eskariei erantzutea udal baliabideak modu eraginkor eta jasangarrian kudeatuz eta inbertituz.

Herritarren gizarte beharrei erantzutea eta ekonomia eta enplegua sustatzea lehentasunezko gaiak izaten jarraituko dute datorren urtean ere. Pertsonen ongizateari lotuta jarraipena izango dute, baita ere, kulturarekin, kirolarekin eta zahartze aktiboarekin lotutako egitasmoek: tipi topak, kirol orientazio zerbitzuak, adineko pertsonek kirola praktika dezaten makinen kokapenak, Bidez bide garraio k eta Aiton Bordan egingo diren inbertsio txikiak.

Kulturaren eta kultur jardueren aldeko apustu sendoa ere mantentzen da. Horregatik, kulturari, herriko jaiei eta udal liburutegiari dagozkien diru lerroak handitu dira eta Kale Nagusian kokatuta dagoen kultur ekipamenduetarako lokala egokitzeko aurrekontu lerroa ere txertatu da.

Inbertsioen atalak helburu du, nagusiki, pertsonengan pentsatutako Lezo eraikitzea, hau da, Lezo herri atseginagoa eta irisgarriagoa egitea. Horretarako, herriko hainbat kale hobetuko dira adibidez. Elias Salaberria kalea eta zebra-bideak altueran jarriko dira herritarren segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko. Halaber, Musika Eskola fatxada hobetuko da, Jaizkibel hiribidean radarra jarriko da oinezkoen segurtasuna bermatzeko eta mantenu lanak ere gauzatuko dira, lorezaintzari, errekari, argiztapenari eta saneamendu sareari lotuta.

Adierazpen instituzionalak aho batez onartuta:

EAJ-PNVk aurkeztutako bi mozioak, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko egunari eta Euskararen Nazioarteko Egunari lotutakoak aho batez onartu ziren atzoko Osoko Bilkuran.

 

Arloa edo saila