Hiru zinegotzien dedikazio eta soldatak onartu ditu Udalbatzak

Or, 2018-01-26 11:21

EUDELen alderdi guztiek aho batez onartu zuten Udal Legearen baitan, EH Bilduko udal taldeak zinegotzi baten liberazioa eskatu zuen eta eskaera onartua izan zen atzoko Osoko Bilkuran. Halaber, gobernu taldeko bi kideren dedikazio eta soldatak eta udal langile baten lanaldia luzatzea ere onartu ziren atzokoan.

Atzo arratsaldean ospatutako Osoko Bilkuran hainbat proposamenek egin zuten aurrera, horien artean hiru zinegotzien dedikazio eta soldatari lotutakoak.

EUDELen alderdi guztiek aho batez onartutako Udal Legeak oposizioko taldeei aukera ematen die udal taldeko zinegotzi baten liberazioa eskatzeko. 10.000 biztanletik beherako herrietako oposizioko zinegotziei dagokien liberazioa %50 edota %60koa da Udal Legeak ezarritako irizpideen arabera eta Gipuzkoako gainerako herrietan lanaldi erdiz liberatu dira oposizioko taldeetako zinegotziak.

Gauzak horrela, aurrekontuak lantzean EH Bilduk egindako liberazio eskariari erantzunez, atzoko Osoko Bilkuran onartu zen EH Bilduko udal taldeko zinegotzi  den Mikel Arruti liberatzea (%50). Dedikazio horrengatik, urtean 17.655,94 euroko ondainsari gordina jasoko du urtean, EUDELek ezarritako irizpideen arabera.

Era berean, atzokoan, gobernu taldeko beste bi kideren egungo dedikazio eta soldatak aldatzea ere onartu zen. Aurrerantzean, beraz, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, Noemi Arberasek, lanaldiaren %80ko dedikazio partziala eta 28.249,51 euroko ordainsari gordina izango du urtean, kasu honetan ere, EUDELek ezarritako irizpideen arabera. Ingurumen zinegotzi berriak, Jose Angel Sanchez sozialistak, aldiz, lanaldiaren %50ko dedikazio partziala izango du eta lan horren trukean, oposizioko taldeko zinegotziak bezalaxe, 17.655,94 euro jasoko ditu urtean.

Udal langileei dagokienean ere, lan karga dela eta, Ingurumen Teknikariaren lanaldia (egun %50) luzatzea onartu zuen udalbatzak atzo, zehazki, %10.

Aurretik aipatutako proposamen guztiek EAJ-PNVren aldeko botoak jaso zituzten eta PSE-EEren eta EH Bilduren abstenitu egin ziren.

Atzoko Osoko Bilkuran onartuak izan ziren beste zenbait puntu:
- Bake Epailea titularra eta ordezkoa izendatzeko prozedura hasteko diktamena.
- Udal artxiboko dokumentazioa ezabatzeko diktamena.

Amaitzeko, udal kontu hartzaileak 2017ko ekitaldiko azken hiruhilekoari buruzko txostenen berri eman zuen.

Arloa edo saila