Urteetako aldarri eta eskaeren ostean, igande honetan hasiko dira Gaintxurizketako GI-636 errepidean oinezkoentzat behin-behineko pasabidea eraikitzeko lanak. Euskotreneko geltokiaren parean eraikiko da pasabidea eta Errekalde Hotela eta pasabidea konektatuko duen oinezkoentzat ibilbide seguru bat ere ahalbidetuko du obra horrek.
Gaintxurizketako bizilagunen eta bertako industriaguneko langileen segurtasuna bermatzeko beharra urgentea zen eta Lezoko Udalaren lehentasunen artean kokatzen da arazoari behin betiko konponbidea ematea. Pasa den urrian onartu zen errepide honetako bide-segurtasuna hobetzeko ebazpena Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Xehetasunak zehazteko hainbat bilera egin eta proiektua osatu ostean, behin-betiko irtenbidea iritsi bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak behin-behineko oinezkoentzako pasabidea eraikitzeko lanak hasiko ditu igandetik aurrera.
Euskotreneko geltokiaren parean eraikiko dute oinezkoentzako pasabidea. 14 metroko luzera eta 5,5 metroko altuera izango du GI-636 errepidea gainetik gurutzatu ahal izateko. 348.247,61 euroko inbertsioa eta lau hilabeteko gauzatze-epea izango du igandetik hasita.
Horrez gain, Errekalde Hotelaren eta Gure Txokoa etxebizitzaren sarreraren arteko tartean oinezkoentzako ibilbidea prestatuko dute. Errepidean tarte horretan dagoen abiadura moteleko erreia kendu eta hormigoizko hesiekin babestuz, oinezkoentzako ibilbidea bihurtuko dute.
Bestalde, Lezoko Udala dagoeneko hasi da ibilbide horretatik Perrene auzorako doan bidea egokitzen. Lan horiek ere maiatza amaierarako prest izatea aurreikusi da, eta 109.338,27 euroko aurrekontua izango dute.
Horrela, Euskotreneko geltokitik errepidea gurutzatzeko pasabide segurua izango da, eta hortik Perrene auzora, zein 107 industriagunera, bizilagun eta langile guztientzat arriskurik gabeko bidea osatuko da. Behin betiko egiturak osatu arte, pasabide honekin mugikortasun segurua lortuko da.
Gainera, Altamirako tunelaren eta Gaintxurizketako biribilgunearen arteko tartean abiadura 70 km/h-ra mugatuko da eta seinaleztapen bertikala zein horizontala indartuko da. Balizamendua hobetuko da eta errepidearen ardatzean lerro jarraitu bikoitza margotuko da, erreien banaketa hobetzeko.
Lanak igande honetan hasiko dira gaueko 22:00etan. Hormigoizko segurtasun hesiak jarriko dituzte abiadura moteleko erraiaren ertzean, trafikoa semaforo bidez txandakatuz. Horrekin, asteleheneko goizeko 6:00etatik aurrera, noranzko bakoitzeko errei bat egongo da.
Lanek iraun bitartean eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, GI-636 errepidean (Irun noranzkoan), txirrindulariek ezin izango dute zirkulatu Lanbarrenerako sarbideko biribilgunetik aurrera.
Lezoko Udalarentzat lanen hasiera aurrerapauso garrantzitsua da. Gaintxurizketako azken urteetako egoera aldatu eta bizilagunen eta bertan lan egiten duten oinezkoen segurtasuna eta bizi kalitatea hobetzea ahalbidetuko duen aldaketa izango da. Orain arte egunero bizi zuten arriskuari behin betiko konponbidea emateko bidean bizilagunen aldarriak ezinbestekoak izan dira, egoeraren larritasuna salatu eta Lezoko Udalarekin elkarlanean aritu dira.