Jesus Mari Martiarena: "Ohorea izanda Lezoko alkate izatea bi legealdi hauetan"

Or, 2023-06-02 10:55

Jesus Mari Martiarena:

Nire izen propioan eta Eusko Alderdi Jeltzalearen izenean eskerrak eman nahi dizkiet guregan konfiantza jarri duten herritarrei, 977 lezoar horiei,  ia mila lagun horiei.

Eta eskerrak ere hauteskundeetan parte hartu duten lezoar guztiei. Parte hartzea eskertzekoa baita, beti.

Ohorea izanda Lezoko alkate izatea bi legealdi hauetan, eskerrak eman nahi dizkizuet horretarako aukera eman didazuen herritarrei eta Lezoko herri osoari. Aipatu moduan, ohore handia izan da zuen ordezkari gorena, zuen alkate izatea eta udal gobernua osatzea.

Talde lana izan da, EAJ-PNVko zinegotzi taldearena, gobernu taldearen buru, Lezoren alde lan eginez. Denoi eta zuetako bakoitzari eskertzen dizuet.

Eskerrak eman dizkiet –dizkiegu- urte guzti hautan udak gobernuaren parte izan diren  PSE-EE-PSOEko kideei.

Eskerrak eman nahi dizkiet bi legegintzaldi zinegotzi izan diren pertsona guztiei, indar politiko guzietakoei.

Eta eskerrak bereziki, udaleko funtzionario eta langileei. Zuen lana eta gogoa eskertu nahi ditut, espreski.  Zuek gabe, Lezo ez litzateke den bezalakoa izango.

Alkate honek eta Euzko Alderdi Jeltzalearen taldeak alkatetza eta udal-gobernua hartu genuenean baino Lezo hobea uzten dugu. Bide onetik doan herria, pertsonengan inbertitzen duena. Zorrik gabea eta aberatsagoa. Emaitzak begi bistan dira eta proiektu berriak martxan.    

EAJ-PNVk horren alde, Lezo hobe baten alde, lanean segituko dugu. Lezoren zerbitzura eta Lezo osatzen dugun lezoar, emakume eta gizon guztien zerbitzura gara.  

Ekainaren 17an udalbatza berria osatuko da. Egun horretatik aurrera, alkatetza eta udal-gobernua utzita, lanean segituko dugu udalbatzan.

Eusko Alderdi Jeltzalea gara, talde sendoa gara, udalbatzaren %40a gara eta elkarlanerako prest gara. Jakin badakigu gehiengo absolutu baten aurrean gaudela, 5 zinegotzi 7ren aurrean.

Guk, gehiengo absolutua izan dugunean, zein izan ez dugunean, elkarlanerako aukera eman izan dugu. Azken bi legealdiak horren lekuko dira. Orain oposiziotik eskuak zabalik eta guztion ongiaren alde lanean jarraituko dugu, lankidetzatik eta irekitasunetik.

 Elkarlanerako prest.  Eta hala jakinarazten diogu EHBilduko udal talde berriari.

Gure helburua Lezo hobetzea da eta horretan jarraituko dugu, Lezori emanak baikara.

Arloa edo saila