Plataforma berri honek tresna berria eskainiko dio herritarrari informazioa modu eraginkorrenean jaso dezan
Oraindik lanean dabiltza Lezoko Udalaren webguneari azken ukituak ematen; hala ere, laster izango da prest lezoarren mesederako egindako plataforma berri hau. Garai berrietara egokitzeko asmoarekin jarraiki eta teknologia berriak sustatzeko helburuarekin sortuko da webgunea, izan ere, oraingo webgunea zaharkituta gelditu da eta berriak informazioa modu errazago batean eskaintzeko aukera emango du.
Software librearen bitartez sorturiko plataforma irisgarriagoa izango da eta gailu desberdinetara egokitutakoa; Udaletxea lezoarren mesedera jarri nahi da, komunikazio bideak hobetuz. Tramiteen atala ere aurkitzeko errazagoa izango da oraingo honetan. Udalak ulertzen du herritarrek erraztasun guztiak eduki behar dituztela tramiteak online egin ahal izateko eta hori da lortu nahi dena webgune berrian.
Herriarentzat pentsatutako webgunea izango da, Udalaren departamentu guztien informazioa, informazio turistikoa eta komunikazio bide bidirekzional desberdinak batuko dituenak. Helburu nagusia Udalaren zerbitzuak herritarrengana gerturatzea izan da eta erraztasunak ematea herritarrei Udalarekin edozein tramite egin edo argibide izateko. Oraindik ezin da zehaztu webgune berriaren publikazio data baina ziurtasunez esan daiteke laster jarriko dela martxan. Bitartean azken frogak egiten dabiltza eta guztiak ondo funtzionatzen duela ziurtatzen denean, lezoarrak plataforma berriaz baliatzeko aukera izango dute.