Nahiz eta astelehenean pintaketa batzuk garbitu kaleak eta espazioak garbi mantentzeko helburuarekin, atzo eta gaur berriz ere agertu dira pintaketa berriak, jada garbituak izan direnak
Lezoko Udalak herrian egin diren pintaketa berriak gaitzetsi ditu. Gertakari hauen aurrean, herriko kale eta espazio publikoak garbi mantentze aldera, Udalak herritar guztion diru publikoa erabili behar du garbiketa lanak egiteko. Zoritxarrez, azkenaldian behin eta berriz errepikatzen ari den egoera da.
Herritar guztionak diren espazio publikoak errespetatuak izan daitezen eskatu da Udaletik, izan ere, horrelako ekintzek herritar guztiengan dute eragina eta bizikidetzaren kontra egiten dute.
Beste behin, horrelako ekintzak eta jarrerak alde batera uzteko eskatu du Udalak eta, bide batez, herritarrek beren aldarrikapenak egiteko bideak dituztela gogorarazi du, herriko kale eta espazio publikoak ez baitira pintaketak egiteko.