Lezoko Udalak zerga guztiak eta tasa gehienak bere horretan utzi ditu 2023rako eta hobari berriak jarriko ditu martxan

Or, 2022-10-14 15:37

Egungo egoera ekonomikoaren aurrean herritarrek jasaten duten presio fiskala minimizatzea da helburua.

Lezoko Udalak, azken 8 urtetan egin duen bezala, 2023rako zerga guztiak eta tasa gehienak bere horretan utzi ditu berriro.

Egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta, eta herritarrek jasaten duten presio fiskala ahal den neurrian ahalik eta txikiena izan dadin, irailaren amaieran egindako azken osoko bilkuran hartu zen erabakia. EAJ-PNVk eta PSE-EEk neurri horren alde bozkatu zuten, eta EH BILDUk aurka. Lezoko alkatea den Jesus Mari Martiarenak dio argi geneukan 2023rako zergak eta tasak izoztu egin behar zirela, egungo egoera ekonomikoa dela eta. Erakundeok egoera hau arintzeko neurriak hartu behar ditugu eta guk bereziki familia lezoarrak babestu behar ditugu.

Joxean Sanchez PSE-EEko bozeramailearen ustez, zergen eta tasen izoztearen neurriarekin, Gobernu Taldeak familien ekonomiari atseden eman nahi die egungo egoeran, inflazioa arazo larria bihurtu baita, batez ere, errenta txikienentzat. Horrela, Udalak berriro ere zergei bere horretan eusteko ariketa garrantzitsua egin du, gure herriko familia, enpresa eta negozioak gehiago ez zergapetzeko, aldi berean zerbitzu publikoen kalitatea mantenduz eta kaudimen ekonomiko handiarekin erronka eta helburu berriei aurre egin ahal izateko, udalaren egungo zero zorraren egoera aprobetxatuz.

Tasak eta zergak bere horretan uzteazgain, zerga-onurak eta hobariak mantendu dira, bai eta zergadunentzako ordaintzeko erraztasunak ere. Ildo horretan, EIOZn %50eko hobaria onartu da teilatuen eta fatxaden birgaitze energetikoko obretarako.

30 egunez ikusgai egongo da udalean 2023rako onartutako zerga eta tasen proposamena, nahi duen orok alegazioak egin ditzan.

Osoko bilkura berean, datorren urteko taxi tarifak ere, onartu ziren.

Arloa edo saila