Oarsoaldeko udalek trafiko astunak eskualdean sortzen dituen egiturazko arazoen diagnostiko teknikoa eta esku-hartzerako proposamenak landu dituzte azken hilabeteetan. Helburua ez da mugikortasuna edo jarduera ekonomikoa mugatzea, trafiko logistikoa modu ordenatuagoan bideratzea baizik. Egindako azterlana aurkeztu berri diote Gipuzkoako Foru Aldundiari, bide gaietan eskumena duen administrazioari, arazoari konponbidea elkarlanean topatzeko xedez.
Eskualdeko industria-jarduerak sortzen dituen egoerak ez dira unean uneko eragozpenak. Arazoa estrukturala da, eta mugikortasunari ez ezik, zuzenean eragiten die bide-segurtasunari, osasun publikoari, bizi-kalitateari, ingurumenari eta lurraldearen lehiakortasun ekonomikoari.
Ikuspegi zabaleko diagnostikoa
Diagnostikoaren oinarrian dauden datuak Lezo eta Oiartzungo industriaguneetan dauden tamaina handiko 115 enpresei egindako galdetegietatik jaso dira. Horrez gain, emaitzak egiaztatu dira edukiera-aforo ofizialekin eta Aldundiaren beraren datuekin.
Diagnostikoaren emaitzak argiak dira. Arazoaren larritasuna, kamioi-kopuru absolutuan ez ezik, ibilgailu horiek erabiltzen dituzten ibilbideetan eta pilatzen diren lekuetan dago. Egunero 9.000 kamioi-mugimendu izaten dira eskualdean. Lanbarrengo industriagunea da sistema logistikoaren elementu nagusia eta gaur egungo garraio astunaren mugimenduen herena baino gehiago ekartzen du jada trafiko handia duten errepideetara, hiriguneko kamioetara nahiz bereziki kalteberak diren beste batzuetara.
Gaur egungo bide-sareak ez du trafiko astunaren kantitate eta fluxu horiek modu bereizi, zuzen eta hierarkizatuan bideratzeko gaitasun nahikorik. Ondorioz, trafiko logistikoa, industrialdeetako sarrera-irteerak, pasoko trafiko astuna eta tokiko hiri- eta auzo-mailako mugikortasuna azpiegitura beretan nahasten dira.
Datu horietan oinarrituta, trafiko eredu digital nodal bat garatu da. Tresna digitala erakunde publikoentzat oso baliagarria izango da mahai gainean jartzen diren proposamenen simulazioak egiteko, kostu-onura ebaluatzeko eta esku-hartze ezberdinen elkarreragina ikusteko aukera ematen duelako.
Kostu-onura handieneko eta kalte-eragin txikieneko esku-hartze proposamena
Oarsoaldeko lau udalek Aldundiari egindako esku-hartze proposamenak ez du konponbide puntualik biltzen. Ikuspegi integralez eta jasangarriz egindako kostu-onura handieneko eta kalte-eragin txikieneko egiturazko proposamena da. Lan-ildo nagusiak dira:
- Lanbarren industriaguneak A8 autobidera zuzeneko lotura izatea
- Arragua-Lartzabalgo korapiloa arintzea, fluxuak berrantolatuz eta kamioien pasabidea murriztuz
- Lezoko herrigunea eta harako sarbideak babestea, portuarekin eta industriaguneekin lotutako trafiko astunarentzat alternatiba funtzionalak sortuz
Hurrengo pausoa: erakunde arteko mahai tekniko-politikoa
Oarsoaldeko egungo trafiko egoerak onargarria den langa gainditzen du eta egiturazko erantzun koordinatua behar du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, bide gaietan eskumena duen administrazioarekin. Oarsoaldeko udalak lankidetzarako prest daude eta orain arte egindakoa lantalde tekniko-politikora eramango dute, besteak beste, garatutako trafiko eredu digital adimenduna eta emaitzak partekatzeko, proposatutako esku-hartze ildoak elkarrekin aztertzeko eta ebaluatzeko, eta azpiegitura berrien koordinazio estrategikoa kudeatzeko.
Oarsoaldeko udalek argi dute gaur egungo trafiko-arazoak ezin direla geroratu, eta ezin direla etorkizuneko balizko azpiegitura edo garapen logistiko handiagoen menpe utzi. Erantzunak gaur egungo beharretara egokitutakoa izan behar du. Bikoitza da erronka: oinarri enpirikoa duten erabakiak hartuz eta eredu jasangarri nahiz arduratsuak lehenetsiz, eskualdeko industria eta lehiakortasun logistikoaren nahiz ingurumenaren, herritarren segurtasunaren eta bizi-kalitatearen mesedetan jardutea.