Udal langileen ordainsarien igoera onartu du udalbatzak

Or, 2019-02-01 17:18

Abenduaren 21an onartutako 24/2018 dekretuaren ondorioz, nominetan igoera aplikatzea erabaki dute

Atzo arratsaldean ospatutako Osoko Bilkuran, 2018ko azaroaren 29an egindako osoko bilkurako akta onartzeaz gain, hainbat proposamenek egin zuten aurrera.

Aho batez onartu zen udal langileen ordainsariak eta ordainsarietan jasotzen diren kontzeptu guztiak %2,25ean igotzea eta nominetan igoera hori aplikatzea 2019. Urteko urtarrilaren 1etik aurrera, 2018ko abenduaren 31an indarrean zeuden soldaten aldean.

Bestalde, 2018ko aurrekontuen aldaketen kontu eman zen; aurreikusitako gastuek hainbat gora-behera jasaten dituztenez lanak aurrera doazen heinean, gastu kopuruak aurrekontuari egokitzeko hainbat moldaketa egin behar dira. Edonola ere, 2018ko aurrekontu totalaren kopuruak bere horretan jarraitzen du.

Musika eta dantza ikastetxeetarako lan-poltsa bateratuak

2008. urtean, Donostia-Oarsoaldea inguruko musika eta dantza espezialitate ezberdinetako irakasleen lehenengo lan poltsa sortu zen. 2011n lankidetza hitzarmen bat sinatu zen gai berari buruzkoa; hitzarmen horretan Donostia, Irun, Lasarte-Oria, Tolosa, Orio, Beasain, Errenteria eta Lezoko udalek parte hartu zuten eta guztientzako zerrenda komunak eta bateratuak kudeatzeko irizpideak zehaztu ziren. Eskola kopuru handi batekin hitzarmenak egiteko aukera ikusi da. Kudeaketa errazteko, banan-banan sinatuko dira eskola bakoitzak dituen behar eta ezaugarri guztiei bide emateko beharrezko hitzarmen guztiak.

Gauzak horrela, Batzorde Informatibo Orokorrak 2019ko urtarrilak 24an egindako bileran, hau eskatu zen: kudeaketa gomendioaren hitzarmena sinatzea Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskolekin, musika eta dantza ikastetxeetan erabiliko diren lan poltsak modu bateratuan kudeatzea. Horregatik, atzoko osoko bilkuran, alkatea Lankidetza Hitzarmena sinatzeko ahalmentzea erabaki zen.

Txostenak

Amaitzeko, udal kontu hartzaileak 2018ko ekitaldiko azken hiruhilekoari buruzko txostenen berri eman eta alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal ordezkarien eta Delegatuen txostenak irakurri ziren.

Arloa edo saila