Udalak kale garbiketa zerbitzua kontratatzeko prozesua abiatu du

Or, 2017-07-07 11:36

Kontratuak 4 urteko iraupena izango du eta interesa duten enpresek beren proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte. Enpresa esleipendunak langile guztiak subrogatu beharko ditu, SanMarkora joango dena izan ezik. Zerbitzua garestitu egingo da erabiliko diren makinengatik eta pleguetan eskatutako hobekuntzengatik.

Gaur ospatutako ezohiko bilkuran kale garbiketa kontratatzeko plegu administratiboak onartu dira.

Hondakinak biltzeko sistema aldaketaren harira, kale garbiketa zerbitzuko kontratua aldatu behar izan da. Atez ateko sistema udalerrian ezarri zenean, beharrezkoa izan zen, zerbitzuak hala eskatzen zuelako, bilketa eta garbiketarako langileen kopurua handitzea beharrezkoa izan zen. Zerbitzu bien ardura Udalak zuen. Sistema berriarekin aldiz, gaikako hondakinen bilketaren ardura SanMarko Mankomunitateak izango du, Udalaren eta Mankomunitatearen artean sinatutako hitzarmenak jasotzen duen moduan.

Hori horrela, Udalak zerbitzua kontratatzeko plegu berriak landu ditu eta horien baitan, enpresa esleipendunak aurreko zerbitzuko langile guztiak subrogatu beharko ditu, SanMarkora joango den eta bilketa zerbitzuko langilea izango dena izan ezik.

Aurrekontua, aurrekoarekin alderatuta, altuagoa izango da zerbitzua eskaintzeko erabiliko diren makinengatik eta pleguetan jasotako eskakizun eta zerbitzuaren hobekuntzengatik, helburu hartuta, espazio publikoak garbi, txukun eta egoera onean mantentzea.

Zerbitzuaren kontratuak 4 urteko iraupena izango du, urteko 519.054,27 euroko aurrekontuarekin eta interesa duten enpresa guztiek aurkeztu ahal izango dituzte beren proposamenak iragarkia GAOn argitaratzen den egunetik aurrera.

 

Arloa edo saila