EAJ-PNV eta PSE-EEren udal taldeek aurkeztutako mozioak aurrera egin zuen atzokoan EAJ-PNVren eta PSE-EEko ordezkarien aldeko eta EH Bilduren aurkako botoekin. Era berean, aurrekontu aldaketen eta Berdintasun zinegotzi berriaren izendapenaren berri ere eman zen.
Atzo arratsaldean ospatutako osoko bilkuran Udal ordezkariek joan den maiatzaren 12an lezoar guztien etxeak jasandako erasoa gaitzetsi zuten. Izan ere, erasoaren harira, EAJ-PNV eta PSE-EEren udal taldeek mozio bateratua aurkeztu zuten Lezoko Udaletxe atarian egindako pintaketak eta zabor jaurtiketak gaitzesteko.
EAJ-PNV eta PSE-EEko ordezkarien aldeko eta EH Bilduko ordezkarien aurkako botoekin egin zuen aurrera mozioak. Udal gobernu taldearen esanetan “demokratikoki aukeratua izan den erakunde bat erasotzea, herritarren ordezkariek osatzen duten erakunde bat erasotzea, alegia, herritar guztiak erasotzea da, are gehiago ekintza horiek eragindako kalteak herritarron poltsikoetatik ordaindu behar direnean”. Hori dela eta, Lezoko Udalak herritar guztiei beren aldarrikapenak bide demokratikoak erabilita egitea eskatu die, bizikidetza normalizatu baten alde, “horrelako jarrera erasokor eta mehatxatzaileek ez baitute lekurik gure gizartean, euskal gizartearen egunez-eguneko bizikidetzaren aldeko lana oztopatu baino ez baitute egiten”. Amaitzeko, Lezoko Udalak jarrera eraikitzaile baten aldeko apustua berretsi zuen elkarbizitzaren eta elkar-errespetuaren alde.
Era berean, udal proiektu ezberdinak aurrera eraman ahal izateko egindako zenbait aurrekontu aldaketen berri eman zen atzoko Osoko Bilkuran, eta hortaz, kreditu aldaketen harira kontu-hartzaileak prestatutako txostenak ere aurkeztu ziren.
Azkenik, Berdintasun zinegotzi berriaren izendapena ere jakinarazi zen, izan ere, berriki Berdintasun Saila udal egituraren baitan sail berri gisa eratu baita. Hori dela eta, sailari zinegotzi arduraduna ezarri behar zitzaion eta Noemi Arberas izango da aurrerantzean saileko zinegotzia. Berdintasun teknikariaren kontratazioa oposizioak aurrekontuetan egindako proposamenaren haritik dator eta jada asteak daramatza teknikari berriak udaletxean lanean.
Udal Eraikinen Garbiketa Zerbitzua esleituta
Asteleheneko Tokiko Gobernu Batzordean udal eraikinen garbiketa zerbitzua kontratatzeko esleipena onartu zen. Limpedur, S.L. enpresari esleitu zaio zerbitzua lehiaketa publikoan puntuaziorik altuena lortzeagatik eta urteko 104.500 euroko jasoko ditu enpresak zerbitzuaren trukean.