Udaltzaingoak iruzur eta lapurretei buruzko informazio hitzaldia eskainiko du

Or, 2017-12-15 12:46

Hitzaldia datorren astelehenean, abenduaren 18an, izango da 16:30ean Aitorn Bordan. Hitzaldi irekia den arren, bereziki adineko pertsonei zuzendua dago. Helburu nagusia da herritarren segurtasuna hobetzea eta aholkuak ematea horrelako egoerak eta lapurretak saihesteko.

Zoritxarrez, adineko pertsonek jasaten dituzte lapurreta eta iruzur kasu gehien. Hori dela eta, horrelkao egoerak ekiditeko eta herritarren segurtasuna hobetzeko helburuarekin, hitzaldia antolatu du Udalak datorren astelehenean, abenduaren 18an, Aiton Bordan arratsaldeko 16:30ean.

Aipatu hitzaldian edonork parte har dezake, baina modu berezi batean, adineko pertsonei zuzendua dago. Edozein kasutan, lapurreta eta iruzur kasu ohikoenak aztertuko dira, kalean zein etxean (baita interneten ere) gertatzen direnak.

Lezoko udaltzain batek eskainiko du informazio saioa eta berak emango ditu lapurretak saihesteko gomendioak eta segurtasuna bermatzeko aholkuak. Halaber, iruzur motarik ohikoenak ere zein diren azalduko ditu.

Udaletik herritarrei parte hartzeko deia egin diete eta nabarmendu dute, informazio saio hau adineko pertsonei ez ezik, beren senideei ere zuzendua dagoela, edadetuen arazoa izatetik haratago, etxeko guztien arazoa ere badelako.

Aholku nagusiak:

Erasotzaileek lapurreta egiteko aitzakia desberdinak erabiltzen dituzte, besteak beste,  arrazoi solidarioak direla-eta NAN eta dirua eskatzea, ezagunak balira bezala besarkada bat ematea, poltsa astunak edota horrelakoak eramaten laguntzea… horregatik, gomendio nagusia zuhurragoa izatea da. Era berean, bankutik ateratzean kontuz ibiltzea, diru gehiegi soinean ez eramatea eta posible denean, senideek dirua ateratzen laguntzea aholkatzen da.

Etxeko segurtasunari dagokionean, komeni da ate blindatuak izatea, etxetik irtetzean atea guztiz itxita uztea eta etxe barruan egotean ere, giltzaz edota segurtasuneko kisketaz ixtea eta batez ere,  atea ireki aurretik ondo begiratzea eta ezezagunei aterik ez irekitzea.

Arloa edo saila