Auzokonposta guneetako urteko emaitzak eta 2017rako egitasmoak ezagutzera eman zituen udalak joan den ostegunean.
Dagoeneko bi urte daramatza auzokonpostaje kanpainak eta, urtea amaitzear dagoela, 2016ko balorazio eta emaitzak aurkeztu zituzten ostegunean Udaleko eta Elkarrekin 21 aholkularitza enpresako teknikariek.
Aholkularitzako teknikariek urteko balorazioa positiboa izan dela adierazi dute eta aldaketa sumatu dutela erabiltzaileengan. Hasierako zailtasunak gaindituz, gaizki ari direnak oso gutxi direla gaineratu dute eta, arazoa, batez ere, konposta-kutxako edukia ondo ez nahastean datzala. Honela, edukia aireztatzeko, nahastea homogeneo bihurtzeko, hezetasun-egokia mantentzeko eta usteltzea saihesteko irabiagailuarekin ondo nahastea ezinbestekoa dela azpimarratu zuten ostegunean.
Udal-teknikara den Leire Betetak ere, datorren urtera begira, jarraipen- eta aholkularitza-zerbitzua mantenduko dela aurreratu zuen. Aurtengo lanekin alderatuz, ohiko jarraipen-zerbitzuaz gain, Elkarrekin 21ek konpostajeari lotutako arreta zerbitzu zuzena eskainiko duela aurreratu zuen.
Hobarien gaiari helduz, 2017ari begira, Udalak aldaketatxo bat egongo dela jakinarazi zuen Leirek, konpostajean ondo ari diren familiak saritzeko eta bai etxeko bai auzokonpostajean ari direnen onurak guztientzako berdinak izateko:
- Konpostajean parte hartu eta bere kutxa husten duten familiei, %40ko hobaria aplikatuko zaie.
- Konpostajean parte hartu, baina konpostagailuaren hustea Udalaren esku uzten dutenek, berriz, %20ko hobaria izango dute.
- Gaizki ari direlako edo benetan parte-hartzen ez dutelako, eta egoera aldatzeko jakinarazpenak igorri arren, denbora epe tarte batean zehar, Udalak aldaketarik ematen ez dela baieztatzen duen kasuetan, izena eman dutenek ez dute hobaririk izango.
Auzokonpostaje kanpaina zenbakitan
Aholkularitzak jakinarazi duenez, egun 82 familia (241 pertsona) ari dira herrian ezarritako 6 guneetan etxeko biohondakinak konpostatzen, iaz baino 13 familia gutxiago. Egun parte?hartzen duten familietako kide kopurua kontuan izanik, urtean 22.000 kilo hondakin organiko herrian bertan kudeatzen direla esan daiteke, Udalari eta herritarrei horren kanpo-kudeaketak suposatzen diena aurreztuz eta kamioien joan-etorriak murriztuz. Emaitza hauek ikusirik, Udalak konpostajean parte hartu nahi duten guztiei gonbita luzatzen die hondakin organikoen kudeaketa arduratsu baten alde egiteko izena eman dezaten.