EKAINAK 28, LGTBIQ+ HARROTASUNAREN EGUNA

Or, 2024-06-28 09:12

Udaleko talde politiko guztiek adierazpen bateratua zabaltzea adostu dute

Ekainaren 28an, LGTBIQ+ harrotasunaren egunean, harro gaudela aldarrikatu nahi dugu. Harro gaude gure bizitzez, harro gure genealogiaz eta harro LGTBIQ+ mugimenduaz. 

Komunikabide nagusienen estigmatizazio saiakera ezberdinek zein manipulazioak, eskuin muturreko diskurtso intoleranteek eta gorroto jarrerek cisheteroarautik kanpo kokatzen diren bizitzak ezabatu nahi dituzten honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da nondik gatozen gogora ekartzea, ospatzea eta aldarrikatzea. Stonewalletik Euskal Herrira, milaka bizipen, galera, aldarrikapen eta lorpen izan ditugu, baina oraindik egiteko asko dugu. Eraso LGTBIQ+fobikoen salaketen datuak esponentzialki egin dute gora azken urteetan, LGTBIQ+ pertsonen inbizibilizazio eta bazterketak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira… eta ondorioz gure bizitzak arriskuan daude. 

Honen guztiaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea ezinbestekoa dugu. Gure kasuan, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak… ezartzea ezinbestekoa dugu. Anekdotikoak diren politikak alde batera utzi, eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko garaia da. Horretan ari gara eta hori sustatzen jarraituko dugu, askoren artean eta elkarlanean. 

Horregatik guztiagatik udaletan konpromisoa hartzen dugu, gure herriko LGTBIQ+ pertsonen bizitzen gaineko diagnostikoak egin, eta honetan oinarritutako ekintza plan integralak abiatzeko. Prozesu hauek, herriko LGTBIQ+ mugimenduko kideekin batera egiteko konpromisoa hartzen dugu eta egon ezean, erreferente eta norbanako ezberdinak aktibatzeko moduak sustatuko ditugu. 

Honetaz gain, dei egiten dugu Ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko, eta amaitzeko, LGTBIQ+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dugulako. Gora ekainaren 28a!!!!

Arloa edo saila