AHALDUNTZE TAILERRA

Or, 2024-09-20 13:49

Emakumeen ahalduntzea da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako gizarte-eraldaketaren baldintza eta bermeetako bat, eta Lezoko Udaleko Berdintasun sailaren lan-ildo politikoetako bat hauxe izango da datozen urteetan.

Gainera, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bateginak hainbat agindu ezartzen dizkie administrazio publikoei. Artean, Emakumeen ahalduntzea sustatzeko programak edo zerbitzuak ematea edo baliabideak ezartzea.

Ahalduntzearekin gutxiengoan dauden eta berdintasun egoeran ez dauden pertsonen eta komunitateen parte-hartzea bultzatu nahi da, horrela, boterea irabaziz eta desberdintasuna murriztuz. Horretarako, beharrezkoa izango da emakumeen arteko sareak osatzea, berdintasuneko trebakuntza saioak eskaintzea, eta emakumeen elkarte eta taldeei erabaki gueneetan ahotsa ematea.

Helburu horrekin, Lezoko Udalak 4 saioko ahalduntze tailerra eskainiko die herriko emakumeei urritik aurrera, doan. Tailerra Xenai Psikoterapiaren eskutik eskainiko da eta honako atalek osatuko dute:

  • Ahalduntze fisikoa: bizipen sentsorialak
  • Ahalduntze emozionala
  • Ahalduntze kognitiboa
  • Afektibitatea eta ahalduntzea

Lau atal horiek saio banatan banatuko badira ere, prozesu baten barruan ulertu behar dira, eta jarraikortasuna eta konpromisoa ezinbestekoak dira dagokion eraginkortasun pertsonala eta talde prozesu izaera bermatzeko. Hortaz, garrantzitsua da saio guztietan ezin bada, ahalik eta saio gehienetan parte hartzea.

Bestalde, eta talde-prozesu formulaz ari garen heinean, beharrezkoa izango da gutxiengo taldea osatzea tailerra aurrera eramateko.

Saioak bi ordukoak izango dira, 17:00etatik 19:00etara, eta honako egunetan eskainiko dira: urriak 24, azaroak 21, abenduak 19 eta urtarrilak 9. Abenduaren 19koa Euskal Herria plazako 2 zenbakian kokatuta dagoen lokalean (Kiroldegiaren azpian) izango da, eta gainerakoak Gezala auditoriumean.

Udalak herriko emakumeak gonbidatzen ditu tailerrean parte hartzera. Izena emateko epea zabalik egongo da urriak 13ra arte, eta udaletxeko herritarren harrera zerbitzuan, edo online, ondorengo loturan sartuta, egin ahal izango da.

Tailerrean izena emateko lotura

Arloa edo saila