Berdintasun Kontseilua sortzeko laugarren bilera, hilaren 29an

Og, 2025-04-24 19:50

Udalak Elhuyarren aholkularitza kontratatu du Berdintasun Kontseiluaren sorrera-prozesua dinamizatzeko. Elhuyarren aholkularitzarekin egingo duten bilera apirilaren 29an (asteartea) izango da, 17:30ean, Kultur Aretoan.

Lezon Berdintasun Kontseilua sortzeko prozesuak aurrera darrai eta hemendik aurrera Elhuyar Aholkularitza etxeak gidatuko du prozesua. Horrek bultzada emango dio prozesuari, alde tekniko eta metodologikotik begiratuta, izan ere, Elhuyarrek eskarmentu handia du horrelako prozesuen gidaritzan.  

Azken urteetan mugimendu feministari eta emakume askori esker berdintasunaren arloan asko aurreratu den arren, oraindik ere lan handia dago egiteko. Hori azaleratzen dute indarkeria matxistari, lan merkatuari eta zaintza lanen banaketari buruzko datuek bai eta erabakiak hartzeko guneen eta partaidetza politikoaren inguruko estatistikek ere. 

Hain zuzen ere, emakumeen partaidetzarekin lotura estua du kontseiluaren sorrerak, ekimen honekin emakumeen parte-hartzea, ahalduntzea eta protagonismoa sustatzeaz gain, berdintasun udal politikak era planifikatuan, koordinatuan eta elkarlanean egin ahal izateko espazio bat sortu nahi baita, mugimendu feministaren, herri-eragileen eta udalaren artean. Beste helbururik ere bada: Udala eta mugimendu feministaren arteko harremana eta interlokuzioa hobetzea, berdintasun politikak herritar gehiagorengana iristea, udal jarduerak era gardenean eta parte hartzaileagoan kudeatzea eta herritarren, eragile sozialen eta udalaren arteko sinergiak indartzea.

Esan bezala, bilera hilaren 29an izango da, lehena Elhuyarren dinamizazioarekin eta laugarrena kontseiluaren sortze prozesuan. Saioan, besteak beste, Berdintasun Politiken eta Berdintasun Kontseiluen kokapen teorikora gerturatzeko aukera izango da.  

Orain arte Gaxuxa, Lezdi, Etxetxo, Allerru, Piztu Lezo, Ttakun eta Iruntzen Emakume Taldea elkarte eta taldeetako ordezkariak aritu dira bileretan. Edozein kasutan, ekimen irekia denez,  berdintasun sailak bertan parte hartzeko gonbitea egin die berdintasunaren alde lan egin nahi duten norbanako eta eragileei. 
 

Arloa edo saila