Gaur, ekainak 28, Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna

Og, 2018-06-28 11:17

Udalak LGTB kolektiboaren eskubideak aldarrikatzen ditu. Halaber, norbere buruaz harro sentitzeko egun honetan LGTB kolektiboaren ospakizunak babesten ditu

Gaur, ekainak 28, Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu guztian eta Lezoko Udalak ospakizun horrekin bat egiten du. Gainera, gaurko eguna ospatu nahi duten herritar guztiek Udalaren babesa dute.

Gaurko egunean, 1969ko ekainaren 28an gertatutako Stonewalleko (New York) istiluak gogora ekartzen dira, izan ere, New Yorken data horretan emandako gertakariak LGTB kolektiboaren eskubideen aldeko borrokaren hasiera izan ziren.

Urteak pasa ahala aurrera pausu handiak eman dira LGTB kolektiboaren eskubideen aldarrikapenean, baina oraindik gizartean jarrera desegoki eta onartezinak bizi ohi dira. Hori dela eta, jarrera horiek baztertzeko eta herritar ororen sexu askapenerako eskubidea aldarrikatzeko eguna da gaurkoa.

Gauzak horrela, Lezoko Udalak munduko herritar guztien sexu askapenerako eskubidearen alde egiten du eta, era berean, LGTB kolektiboa baztertzen eta zigortzen duen jarrerak eta neurriak salatzen ditu, horiek gurean tarterik ez baitute.

Beraz, eskubide zibilen eta eskubide sexualen defentsa irmoa egiteko konpromisoa adierazi nahi du Udalak.

Arloa edo saila