Martxoak 8a ate joka: emakumeen eskubideak aldarri

Al, 2024-02-26 11:55

Egitarau zabala osatu da emakumeen eskubideak betetzea aldarrikatzeko eta eragileek zein Udalak lezoarrak animatu nahi dituzte ekimen horietan parte hartzera.

Martxoaren 8ko egitaraua prest dago dagoeneko. Udalak eta herriko hainbat eragilek antolatu dute Emakumeen Nazioarteko Egunaren egitaraua, elkarlanean: Lezoko Emakume taldea, Gaxuxa elkartea, Arkirun pilota kluba, Emakume korrikalariak eta Nordic Walking-ekoak, Emaion Harri Tira taldea eta Korrika batzordea. Egitaraua ondorengoa da:

Martxoaren 2an izango da lehen ekitaldia, izan ere, EztandaP, antzerki saioa ikusteko parada izango da. Mirari Martiarenak eta Idoia Torregarai aktoreek berriro ere generoa hartu dute umoregai ikuskizun horretan. Betaurreko moreak jantzita, eguneroko gaiak lehertzen saiatuko dira: orgasmo arrakala, maitasun erromantikoa, “señorak” eta elkarbizitza, besteak beste. Kritika eginez, deseraikiz eta barre eginez bazterrak eztanda arazteko prest daude!

Gezalan izango da emanaldia, 19:00etan. Sarrerak eskuragarri daude udaleko webgunean: https://www.lezo.eus/agenda

Martxoaren 3an Lilatoia egingo da Donostian, 10:25ean, eta deia luzatu da bertan ariko diren herritar guztiak batera joateko. Hitzordua 08:50ean da, Bekoerrota kiroldegian.

Martxoaren 7an, Koldobike Gezala pilota txapelketaren finalerdiak egingo dira, izenbereko frontoian, Bekoerrotan, 19:00etan, Arkirun pilota klubaren ekimenez.

Martxoaren 8an, manifestazioa deitu dute, 19:00etan, Gurutze santuaren plazatik abiatuta, herrian barrena. Antolatzaileek deia luzatzen dute zapi morea jantzita eramateko. Manifestazioa Saldise plazan amaituko da, eta bertan besteak beste, emakumeen dantza saioa egingo da.

Martxoaren 9an, emakume kirolariak eta bertsolariak izango dira protagonista.

10:00etan Nordic Walking-ean diharduten emakumeak nahiz oinezkoak aterako dira eta 10:30tan Emakume korrikalariak, biak ala biak Gurutze Santuaren plazatik eta 5 kilometroko ibilaldia egingo dute herrian barrena.

11:30etan, berriz, Emaion Harri Tira taldeak erakustaldia egingo du probalekuan.

Eguerdi partean, bertso bazkaria izango da, Ibaiondon, 14:00etan. Alaia Martin eta Ekhiñe Zapiain bertsolariek jardungo dute eta gai jartzailea Amaia Resende izango da. Sarrerak Txingurri tabernan eta Tiñelun eskura daitezke.

Azkenik, 19:30tan, Koldobide Gezala pilota txapelketaren finala egingo da, izen bereko frontoian, Bekoerrota kiroldegian kokatuta dagoena.

Arloa edo saila