Adinberrik abiatu duen eta zahartzaroan bizitza betea lortzea helburua duen proiektu pilotuaren lehen fasean, maiatzaren 2an eta 3an, Lezoko Kultur Aretoan egin ziren bilera eta elkarrizketekin gauzatu zen. Herriko 24 bizilagun inguruk parte-hartu dute bilera hauetan, eta bertan, zahartzaroaren eta jubilazioaren inguruko hainbat gogoeta interesgarri entzun ahal izan dira.
Zahartzaroan bizitza betea lortzera bideratutako ekimen aitzindaria da BIBE proiektua, Lezon garatuko dena datozen hilabeteetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Adinberriren bidez jarri du martxan ekimen hau, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, longebitatearen eta bizitza betearen paradigma berria garatzeko apustua berretsiz
Dinamika horietara, 57 eta 75 urte bitarteko lezotarrak zeuden deituta, eta adinaren araberako taldeetan banatu ziren. Lehenak, jubilatzear dauden 57-62 urte bitartekoak; bigarrenak, 63-67 urteko jubilatu berriak eta, azkenak, jubilazioaz gozatzen urteak daramatzaten 68-75 bitartekoak.
Proiektuaren lehen fasean, zahartzaroaren ikuspegi berri honetan funtsezkotzat jotzen diren alderdiei buruz hitz egin da, adibidez, harremanen eta proiektu pertsonalak izatearen garrantziaz. Era berean, aurrerantzean izan ditzaketen edo dituzten erronkei heldu diete, bai eta zahartzaro on baterako dauden oztopoei ere. Hori horrela, eta talde bakoitzak dituen beharrak zeintzuk diren oinarri hartuta, hauek dira talde bakoitzari dagokion ondorioetako bat:
- 57-62 urte bitartekoek: “Jubilazio aktibo bat espero dugu, gustatzen zaizkidan eta garatuko gaituzten gauzak egitea”.
- 63-67 urte bitartekoek: “Besteei denbora eskaintzea erdiesten dizu jubilazioak. Askotan, gure arazoak estaltzeko erabiltzen dugu lana, baina jubilatzean ez duzu irtenbiderik”.
- 68-75 urte bitartekoek: “Jubilatzen zarenean, aprobetxa ezazu denbora. Jarraitu aktibo, harremanak egin, baina ez gehiegi estutu. Bakardadeak eta gizartearentzako baliogarri ez izateak beldurtu egiten gaitu”.
Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu Programaren barruan kokatuta dago BIBE proiektua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri Fundazioak martxan jarri duena, eta Lezoko
Udalaren eta Aiton Borda Lezoko Jubilatuen Elkartearen laguntza du proiektu pilotu hau herrian garatu ahal izateko. BIBE Proiektu honen lehen fasea amaituta, hurrengo pausoa jasotako iritziak eta gogoetak aztertzea izango da.