Energia aurrezteko bide eta esperientziak landuko dira Enpatikonomia jardunaldian

Az, 2022-03-23 11:41

Ingurua eta ingurukoak kontuan hartzen dituen ekonomia inklusiboa da enpatikonomia eta horren oinarriak ardatz hartuta, datorren martxoaren 25ean ostiralean, Oarsoaldea Garapen Agentziak antolatutako enpresei zuzendutako jardunaldia egingo da Oiartzungo Zinealdean.

Jardunaldia martxoaren 25ean, datorren ostiralean, izango da, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 13:30era, Zinealdeako Chaplin aretoan. Jardunaldian, Miguel Angel Sanchezek-Oarsoaldea Garapen Agentziaren presidenteak adierazi duen moduan, hiru gai landuko dira; energia aurrezteko bide eta esperientziak, esklusio egoeran dauden pertsonen inklusioa eta tokiko komunitatearen indarra negozioa egiteko orduan. Gai horietan interesa duten enpresa guztientzat irekia eta doakoa da eta formulario hau bete beharko dute izena emateko.

Bertan aurrez aurre izateko lekua bada oraindik baina bertaratzerik ez dutenek streaming bidez jarraitu ahal izango dute jardunaldia Oarsoaldearen youtubeko kanalean esteka honen bidez.

Bestalde, antolatzaileek adierazi dutenez, atsedenaldian, 10:50ean, prentsarako tarte bat egongo da, irudiak hartu eta hizlariei elkarrizketa laburrak egiteko aukerarekin.