2024ko errenta aitortzeko epea zabaldu da eta Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako Udalek dei egin diete Oarsoaldeko zergadun guztiei errenta aitorpena euskaraz egiteko eta, bidenabar, ogasunarekin harremana euskaraz izatera animatu dituzte herritarrak.
Errenteriako euskara zinegotzi Leire Mazizior, Lezoko Iker Salaberria, Oiartzungo Aiako Harria Gaztelumendi eta Pasaiako Laura Ré herritarrei deia egiten diete.
Errenta aitorpena euskaraz egiteko, Gipuzkoako Foru Ogasunetik bidalitako autolikidazio proposamena onartzeko orduan euskaraz egin dezakezu, baita aitorpena internetez edo modu mekanizatuan ogasunaren bulegoetan aurrez aurre egiten duzunean ere euskaraz egin nahi duzula hautatuz nahiz langileari adieraziz.
Errenta aitorpena euskaraz egitea urrats bat gehiago da ogasunarekin eta, azken batean, administrazio publikoarekin harremana euskaraz izateko bidean. Euskararentzako garrantzitsua da zure aukera, zuri gauza gutxi iruditu arren. Zorionez, urtez urte gero eta gehiago dira errenta euskaraz egiten duten Oarsoaldeko herritarrak eta administrazio publikoekin euskaraz egitea erabakitzen duten herritarrak.
Oarsoaldeko lau udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, bi lagunentzako otordu goxo bana zozkatuko dute herri bakoitzean errenta aitorpena euskaraz egiten duten zergadunen artean. Zozketan parte hartzeko bi bide daude:
- Formulario hau betetzea. (WhatsApp bidez, www.oarsoarrak.eus webgunean eta leku publikoetako karteletan ere topatuko dituzue).
- Leku publikoetan jarriko diren boletoak bete eta entregatzea.
Aurten ere egin, beraz, errenta aitorpena euskaraz! Agian saria ere eskuratu dezakezu eta!