65 urtetik gorako herritarrei zuzenduriko eguneko arreta zerbitzua da.
Lezoko Udalak “Herrikide” zerbitzua martxan jarriko du datorren urtarrilaren 15etik aurrera.
Dami Muñozek, Gizarte Zerbitzuetako teknikariak, azaldu du zerbitzu berria: “Mendekotasun arriskua edota mendekotasun arina aitortua duten 65 urtetik gorako herritarrei zuzenduriko eguneko arreta zerbitzua da. Zerbitzuaren helburu nagusiak ondorengoak dira: adinekoen autonomiari eusten laguntzea eta ohiko bizi ingurunean jarraitzen zein gizarteratzen laguntzea”.
Zerbitzua Lezoko Antonio Pildain kaleko 3 zenbakian kokaturik dagoen Aiton Borda Elkarteko udal lokalean eskainiko da astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan 10:30etik 13:30era.
“Pozik gaude, urtarrilaren 15etik aurrera Herrikide zerbitzua martxan hasiko delako. Lezok zerbitzu berri honen beharra zeukala argi genuen. Herritar guztien ongizatea zaintzen jarraituko dugu” gaineratu du Mikel Arrutik, Lezoko alkateak.
Informazio gehiago lortzeko edo izena emateko, Lezoko Gizarte Zerbitzuetan hitzordua eskatu behar da. Bulegoan bertan astelehenetik ostiralera 08:30etik 13:30etara edo 943521094 telefono zenbakira hots eginda.