Amaitu dira Altamirako saneamendu-sarea eraldatzeko lanen lehen fasea, aurreikusitakoa baino ia bi aste lehenago. Tomas Garbizu kalea berriro ere ibilgailuentzat erabilgarri dago dagoeneko.
Altamirako saneamendu sarea berritzeko lanak urtarrila amaieran hasi ziren, auzoa eraiki zenetik euri-urak eta ur zikinak bereizi gabe isurtzen ziren badiara. Lezoko Udalak eta Añarbeko Uren Mankomunitateak lankidetza hitzarmena sinatu zuten eta hitzarmen horren barruan jasotzen zen sare unitarioa sistema separatibo bihurtzea, uraren kudeaketa eraginkorragoa eta ingurumenaren babesa bermatzeko.
Aurreikusitakoa baino ia bi aste lehenago amaitu dituzte lanen lehen faseko obrak. Hasieran aurreikusitako lanak osatzeaz gain, esku-hartze osagarriak ere egin dira. Hala, saneamendu-hodiak berritzearekin batera, egoera txarrean zeuden hainbat arketa konpondu eta berritu dira, estolderietako tapak aldatu dira, eta eraikinen barruko saneamendu-sarearekin lotzen diren puntuen egoera aztertu da. Lan horiei esker, sarearen funtzionamendua hobetu eta etorkizuneko lanetarako oinarri sendoagoa ezarri da.
Fase honetako lanen amaierarekin, Tomas Garbizu kalea berriro ireki da ibilgailuentzat, eta norabideak berrezarri dira. Honekin batera, kalearen goranzko norabideko aparkalekuak berrezarri dira.
Lehen fasea amaituta, proiektuak aurrera jarraitzen du. Une honetan, bigarren fasea martxan da Tomas Garbizu goikaldean, bertan, sare separatiboa osatzeko beharrezko azpiegitura berriak instalatzen ari dira. Ondoren, hirugarren eta azken fasea Altzate igerilekutik portura doan tartean gauzatuko da, eta maiatzaren erdialderako hastea aurreikusi dute udalak eta mankomunitateak.
Obra horrekin, saneamendu-sare osoa bikoiztu egingo da, euri-urak eta ur fekalak bereizteko. Egungo sareak euri-urak bideratuko ditu, eta eraikitzen ari diren sare berriak ur fekalak jasoko ditu, beharrezko maldak eta baldintza teknikoak bermatuta.
Eraldaketa honi esker, itsaso eta ibaietara iristen diren isurketen kutsadura murriztuko da, eta araztegian tratatu beharreko urak gutxituko dira. Horrek tratamendu-sistemaren eraginkortasuna handituko du eta ingurumenaren zaintzan aurrerapauso garrantzitsua ekarriko du.
Azkenik, Lezoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei lanek irauten duten bitartean erakutsitako ulermenagatik eta lankidetzagatik, eta gogorarazi du azpiegitura hauek funtsezkoak direla etorkizun jasangarriago bat eraikitzeko, ingurumena eguneroko baliabide eta jarrerak hobetuz ere zaintzen dugu.