PARKEEN ERALDAKETA PROZESUA AURKEZTU DU UDALAK HERRI ARTEKO HIRIGINTZA FOROAN

Og, 2025-02-13 17:22

Lezoko parke-sarea eraldatzeko prozesu parte-hartzailea aurkeztu du Udalak Herri Arteko Hirigintza Foroan. 

Oinherri eta Hiritik At! Kooperatibak elkarlanean antolatutako Herri Arteko Hirigintza Foroko 'Proiektuen Azoka' izan da gaur Tabakaleran. Iker Salaberria zinegotzia bertan izan da Lezoko parke-sarea eraldatzeko prozesu parte-hartzailearen nondik norakoak azaltzeko. 

Lezon, Sopelan, Azpeitian, Elgoibarren eta Markina-Xemeinen ibilbidea egin duten hirigintzako proiektu parte-hartzaileak eredutzat eman dituzte jardunaldian. Herri hezitzaileak saretzeko helburuarekin antolatutako jardunaldia izan da eta Lezoko parkeen eraldaketaren proiektua izan da hizpideetako bat. 

Iker Salaberria zinegotziak aurkeztu du Hiritik At! Kooperatibaren aholkularitza teknikoarekin Lezoko Udalak abian jarri zuen parke-sarea eraldatzeko hirigintzako prozesu parte-hartzailea. 

Herriko eragile eta talde desberdinekin elkarlanean sortu zen prozesua da, aisialdirako eta jolaserako espazio inklusiboagoak eta anitzagoak sortzeko helburua du. Azterketa sakona egin zen prozesuaren lehen fasean, parke-sarearen egoera ezagutu eta herriko beharren inguruan hausnartzeko. 

Hausnarketa horretan, Udalak proposamen interesgarriak jaso zituen, eta geroztik proiektuak pixkanaka garatzeko lanean ari da.