Gaurtik aurrera jaso ahal izango dute Altamirako bizilagunek organikoaren edukiontzia zabaltzeko giltza, udaletxeko informazio bulegoan, 8:30tik 13:30era
Datorren asteartean, urtarrilak 17, edukiontzien bidezko hondakin bilketa sistema berriaren esperientzia pilotua martxan jarriko da Altamira auzoan, Lezon oro har ezarri aurretik.
Organikoa biltzeko edukiontziak zabaltzeko giltza bat beharrezkoa izango da. Giltza horiek, gaurtik aurrera eta urtarrilak 13, ostirala, bitartean jaso ahal izango dira Udaletxeko informazio bulegoan, 8:30tik 13:30era.
Giltzen banaketa egin ondoren, datorren astelehenean, urtarrilak 16, brigadak zintzilikarioak kenduko ditu eta jarraian Sanmarkok edukiontzi berriak jarriko ditu. Azkenik, urtarrilaren 17an, asteartea, ofizialki sistema berria martxan jarriko da Altamiran.
Udalak, lezoarrengan konfiantza du eta jada sailkako bilketara ohituta egonik sistema berriarekin gauzak ongi egiten jarraituko dutela ziur da. Udaletik, gainera, azpimarratu nahi izan dute, aldaketa honen helburu nagusia egungo sistema hobetzea eta lezoarren behar eta ohituretara egokitzea dela, horrela, birziklatze kuotak hobetzea lortzeko.