Edukiontzi bidezko sistema

Edukiontzi bidezko sistema hondakinak gaika biltzeko sistema bat da, herritarrentzat erosoa eta erabilerraza dena beren behar eta ohiturei modu egokian erantzuten dielako eta hondakinak egunero ateratzeko aukera eskaintzen duelako.

Sistema honen helburu nagusia herritarrei erraztasunak ematea da gaikako bilketa datuak hobetzea lortzeko.

Hondakin gai guztiak edukiontzi handien bitartez biltzen dira eta egunero eta edozein ordutan atera daitezke hondakinak.

Sistemaren ezaugarriak: erosoagoa, erabilerrazagoa

Sistemak 5 edukiontzi ditu:

  • MARROIA: materia organikoa
  • GRISA: errefusa
  • HORIA: ontzi arinak
  • BERDEA: beira
  • URDINA: papera eta kartoia

Esan bezala, egunero eta edozein ordutan atera daitezke hondakinak edukiontzietara.

Edukiontzien erabilera

Organikoaren eta errefusaren edukiontziek sarraila elektronikoa (txiparekin, alegia) dute, hortaz horiek zabaltzeko etxe bakoitzeko txartela behar da.

Txipdun edukiontziak zabaltzeko txartela erabili behar bada ere, organikoa eta errefusa udalerriko edozein edukiontzi gris edo marroira atera daiteke.

Zergatik txipdun edukiontziak?

Helburua da organikoa kutsa dezaketen bestelako hondakinak edukiontzi marroira bota ez daitezen lortzea, txartelen bitartez edukiontzien erabilera aztertu daitekeelako.

Poltsa konpostagarriak:

Edukiontzi marroira hondakinak botatzeko poltsa konpostagarria erabiltzea derrigorrezkoa da. Poltsak jasotzeko bi aukera daude:

  1. Bekoerrota kiroldegiko makinan (txartela eramatea ezinbestekoa da)
  2. Udaletxeko informazio bulegoan, astelehenetik ostiralera 10:30-13:30 bitartean

Landa eremuko ekarpen guneak

Landa eremuan 4 ekarpen gune daude: Errekalden, Gaintxurizketa Goikoan, Perrenen eta Herriondon.

Gune horiek itxiak dira eta barruan daude hondakin mota bakoitza botatzeko edukiontziak, beirarena izan ezik. Txartel bidezko sarraila elektronikoa dute eta soilik landa eremuko herritarrek erabili ditzakete. Txartelen bitartez sarrera eta irteerak kontrolatzen dira.

Hondakinen Gida

Herritarrei hondakinen sailkapen eta birziklapen lana errazteko helburuarekin, Udalak Hondakinen Gida sortu du. Bertan herritarrek hondakin gai bakoitza zein edukiontzitara atera behar duten kontsultatu dezakete eta beren interesekoa izan daitekeen informazioa ere bildu da, hala nola, bilketa bereziari, Garbiguneari edota edukiontzi bereziei buruzkoa.

Kontsulta ezazu hondakinen gida.

Gai bakoitza bere edukiontzian

Edukiontzi bidezko sistemaren helburu nagusia herritarrei erraztasunak ematea izanik gaikako bilketa datuak hobetzea lortzeko, Udalak “Gai bakoitza bere edukiontzian” kanpaina abiarazi du edukiontzien erabilera egokia sustatzeko.

Etxean sortzen ditugun hondakinak ondo sailkatzea garrantzitsua da, ondoren birziklatuak izan daitezen. Sortzen ditugun hondakinak norberaren ardura dira, horregatik, guztion erantzukizuna da gaikako bilketa egokia egitea gaikako bilketa emaitzak hobetzea lortzeko.

MURRIZTU, BERRERABILI, BIRZIKLATU

Baina birziklapena azken urratsa besterik ez da, horregatik, gaikako sailkapena egin aurretik sortzen dugun hondakin kopurua MURRIZTEA eta BERRERABILTZEA ere garrantzitsua da.

  1. MURRIZTU: lehen urratsa, ahalik eta hondakin gutxien sortzea.
  2. BERRERABILI: ondoren, ditugun materialei bizitza bakarra eman ordez, beste aukera batzuk ematea.
  3. BIRZIKLATU: azken urratsa, hondakinak gaika egoki sailkatzea birziklatuak izan daitezen.

Eguneroko ohituretan egiten ditugun aldaketa txikiek pauso handiak ekar ditzakete.

 

Eranskinak