Udalerri osoan edukiontzi bidezko sistema ezarri aurretik, froga gisa, sistema berria martxan jarriko da Altamira auzoan. Hori dela eta informazio saioa deitu du gaurko Udalak.
Abenduaren 21ean ospatutako osoko bilkuran, udalbatzaren gehiengoak, EAJ-PNV eta PSEren botoekin, hondakin bilketarako sistema aldatzea onartu zuen. Gauzak horrela, 5. edukiontziak egungo atez ateko sistema ordezkatuko du.
Dena den, aldaketa ez da gauzatuko hilabete batzuk pasa arte. Beraz, udalerri osoan edukiontzi bidezko sistema ezartzeko beharrezkoak diren tramite guztiak burutu bitartean, froga gisa, sistema berria martxan jarriko da Altamirako auzoan. Esperientzia hau baliagarria izango da sistema udalerri osoan ezartzen denerako.
Gauzak horrela, prozesuaren nondik norakoak azaltzeko bilera deitu du gaur Udalak. Bertan, bizilagunei, froga zertan dantzan, aldaketa noiz burutuko den eta organikoaren edukiontziarentzako giltza non har dezaketen azalduko zaie. Izan ere, organikoaren edukiontzia irekitzeko giltza beharrezkoa izango dute bizilagunek. Dena den, edozein egunetan eta ordutan bota ahal izango da bai organikoa eta baita gainerako hondakinak ere.
Aldaketaren helburu nagusia herritarrei erraztasunak ematea da, hondakin bilketarako sistema berriak herritarren behar eta ohiturei erantzun diezaion. Gainera, dagoeneko herritarrak hondakinak sailka banatzera ohituak daude eta sistema berriarekin birziklapen tasak hobetzea espero da.
Gaurko bileraren ostean, giltzak banatu eta astelehenean brigadak txintxilikarioak kenduko ditu. Honen ondotik, urtarrilaren 17an, asteartean, martxan jarriko da edukiontzi sistema berria Altamiran.