Behin udazkena iritsita, hosto marroi-horiak eta gaztainak lurrean ikusten ditugunean, mendira joateko gogoa sortzen zaigu. Eta egia esan, plan ezin hobea dugu hau gure inguruko Parke Natural eta mendiez gozatzeko.
Jarraian zenbait plan proposatzen dizkizuegu Lezo, Errenteria, Oiartzun eta Pasaian. Hartu zuen motxila eta ez zaitezte etxean geratu!
1. Jaizkibel mendi-magala (Lezo)
Beste ibilbide bat, oraingoan Lezotik abiatuta. Jaizkibel mendian barrena doan zailtasun ertaineko ibilbide bat egitea gomendatzen dizuegu (Olatzar-Lorbide). 4,5 km-etan zehar baserri ederrez osaturiko auzoak zeharkatuko dituzue, beti gorriz markatutako ibilbidea jarraituz. Ibilbide hau Xoxolurra-Alarguntza ibilbidearekin luzatu daiteke (11km-koa, urdin koloreko markak dituena). Bi ibilbide hauek Bekoerrota Udal kiroldegitik ateratzen dira, beraz, ibilbidea amaitzerakoan Lezoko Hirigune historikoa bisitatzera gerturatu zaitezkete. Kale nagusian murgildu, XVI. mendeko etxe armarridunen arkitektura kontenplatu eta Lezoko Kristo Santo Kristo plazako Basilika eta barruko bizargabeko Kristo bizargabearen irudi bitxia ikusi dezakezue.
2. Aizpitarte haitzuloak (Errenteria)
Ibilbide gidatu batekin hasiko gara: Aizpitarteko haitzuloetan aztarna paleolitikoak. Azaroaren 26an eta abenduaren 2an eta 17an egiteko aukera izango duzue. Ordu eta erdiko ibilbide erraz honetan haitzuloetan barrena ibili eta gure arbasoen bizimodua eta fauna ezagutzeaz gain orain gutxi aurkitutako grabatuen inguruan azalpenak jasoko dituzue, besteak beste. Barrengoloiako atsedenlekutik (Errenteria) hasten da ibilbidea eta erreserba turismo bulegoan egin dezakezue (Tel. 943 494 521/ turismoa@oarsoaldea.eus)
3. Aldura eta Urdaburu (Errenteria)
Errenteriako inguru honetan zuen kabuz beste ibilbide bat egin nahiko bazenute, Aldurari itzulia (PR-1004) edo Urdaburu itzulia (PR-1003) egiteko aukerak dituzue. Zailtasun ertaineko ibilbide zirkular hauetan, Malbazargo hezeguneaz gain, Añarbe basoko paisaiaz gozatuko duzue. Bide hauetan atsedenlekuak aurkituko dituzue eta baita Listorretako aisialdi eremua ere, non inguruko jatetxetan bazkaltzeko aukera duzuen.
4. Basoaren magia Oielekun
Eta laugarren planaren bila goaz, oraingo honetan Oiartzunen, Oieleku ibilbidea hain zuzen. Urte osoan zehar egiteko plana da hau, baina udazkenean bereziki da polita, ipuinetatik aterata dirudien paisaian murgilduz eta bidean aurkituko dituzuen pago-motzen hostoek osaturiko alfonbra zapalduz. Leku magikoa da hau jende askorentzat, basoa gurutzatu eta bideak Oielekuko estazio megalitikora eramaten zaituelako eta bertatik Aiako Harriaren tontorren bista ederrez gozatu daitekeelako. Abiapuntu bezala, Oiartzundik Artikutzara doan GI-3631 errepidea hartu ezazue eta Kausoro aparkalekuan utzi kotxea. Errepidearen bestaldean dauden marka zuri eta horiak ibilbidera bideratuko zaituztete.
5. Kresal usaia duten ibilbideak
Azken plan honetan itsasora gerturatuko gara, udazkenak kostaldean ere baduelako bere xarma, eta batez ere Pasaian, itsasoak eta mendiak bat egiten duten tokian. Pasai San Pedrotik abiatuta, Donibanera txalupan gurutzatzen baduzue, puntetara doan bidea hartu dezakezue Santiago plaza zeharkatuz. Bide amaieran, Alabortza kalaren ondoan, zuri eta gorriz (GR-121) markatutako bidea jarraitu, Jaizkibel mendira igo eta hemendik zuriz markatutako bi marratxoek Mitxintxola, Azabaratza edo Gaztarrotz ibilbideetara bideratuko zaituzte. Hemen bakoitzak bere erritmoa aukera dezala eta hiru ibilbide hauetatik zein egin nahi duen. Kostaldeko bistak zoragarriak dira!
Bazatozte?
Informazio gehiago:
Tel. 943 494 521
turismoa@oarsoaldea.eus
www.oarsoaldeaturismoa.eus