%80tik gorako gaikako bilketa tasa izan du Lezok otsailean

Or, 2017-03-24 12:40

Urtarriletik hona gora egin du gaikako bilketa tasak Lezon. Urtarrilean, %69,4koa izan bazen ere, otsailean %81era igo da tasa. Ordurako ezarria zegoen Altamirako auzoan edukiontzien bidezko sistema berria eta beraz, azken bi datuek herri erdiguneko zein Altamira auzoko gaikako bilketa tasak biltzen dituzte.

Udal gobernua pozik agertu da azken hilabeteotako gaikako bilketa emaitzengatik. “Datuak oso onak eta pozgarriak dira eta horregatik herritarrei eskerrak eman nahi dizkiegu, bereziki, Altamirako bizilagunei, sistema aldaketaren aurrean ezin hobeto erantzun dutelako. Aldaketa orok eskatzen du egokitzapena, baina, espero moduan,  hondakin bilketa sistema berriari harrera ona egin diote eta hondakinak gaika modu egokian sailkatzen jarraitu dute” adierazi dute udal ordezkariek.

Urtarrilean, %69,4koa izan zen gaikako bilketa tasa, baina otsailean gora egin du datuak eta emaitza, Altamirako auzoko zein herri erdiguneko datuak kontutan hartuta, %81koa izan da. “Datu horiek mantentzen edota hobetzen saiatu behar gara guztiok eta ziur gaude hemendik gutxira udalerrian ezarriko den sistema berriak horretan lagunduko digula, guztion esku baitago emaitza horiek hobetzea lortzea” gehitu dute.

Horren harira, Udal gobernuak berretsi du sistema berria erosoagoa izango dela herritarrentzat, hondakinak egunero ateratzeko aukera eskaintzen duelako eta horrek emaitzak hobetzen lagundu dezakeelako. “Sistema aldatzearen arrazoi nagusia egungo sistema hobetzea da, herritarrei erraztasunak emateko, edukiontzi bidezko sistemak modu egokiagoan erantzuten dielako herritarren behar eta ohiturei” esan dute.

“Ziur gaude edukiontzi sistema berria udalerri osoan ezartzen denean otsailean izan ditugun emaitzak mantendu edota hobetuko ditugula. Udalari dagokio herritarrei erraztasunak ematea eta herritar bakoitzari dagokigu arduratsu jokatu eta etxeko hondakinak behar bezala sailkatzea, guztion ardura baita gaikako bilketa egokia egitea, bilketa datuak hobetzeko” amaitu dute. 

 

Arloa edo saila