Lezoko Herri Eskolako, Institutuko eta Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleek urtero Eskola Agenda 21 egitasmoan parte hartzen dute eta ikasturte honetan zarataren gaia lantzen ari dira
Zarataren gaia lantzeko, material ezberdinak landu eta sortu dira. Lehen fase batean, gaiari buruz sentsibilizatu eta ikastetxeen egoera aztertzen aritu dira haur eta gazteak. Ondoren kalera irtengo dira herriaren diagnosi alternatiboa egiteko. Azkenik, iraunkortasun eta ingurumen kontzientzia lantzeko irteera ezberdinak egin eta egingo dituzte ikasturtea amaitu bitartean.
Lehen fasearen baitan, beraz, sentsibilizaziorako hainbat ekintza egin dituzte, adibidez, eskolako haurrek bideo ezberdinak ikusi eta bisualizazio ariketak egin zituzten; “Zarata eta soinua” izeneko irrati saioa ere egin zuten lehenengo mailako haurrek eta musika irakaslearekin zarata eta soinuari buruzko bideo ezberdinak ikusi eta zenbait esperimentu egin zituzten.
Zarata egoera aztertzen:
Sonometroaz baliatuta, neurketa ezberdinak egin eta zarata-mapa osatu zuten eskolako haurrek. Azterketa bera egin zuten Institutuko gazteek eta hurrengo urratsa, herriko zarata egoera aztertzea izango da.
Jasotako datuak aztertu ondoren, zarata murrizteko proposamenak ere landuko dituzte.
Gure bazterrak ezagutzen:
DBHko ikasleek bizikleta irteera egin zuten Lezotik Arditurrira. Bertan Arditurriko interpretazio zentroa eta garai bateko meategia bisitatzeko aukera izan zuten gazteek. Irteera honen bitartez lagunarteko kirol zaletasuna, naturarekiko interesa eta mugikortasun iraunkorra sustatu nahi ziren.
Lehen mailako ikasleak, aldiz, Añarbeko araztegira egin zuten bisita. Bertan, edateko ura lortzeko prozesua ikusi ahal izan zuten: zein tratamendu eman behar zaion urari edangarria izan dadin eta abar. Irteera honen bitartez, uraren gehiegizko kontsumoaren inguruan hausnartu eta uraren garrantziaz jabetu ziren haurrak.
Berriki, Pagoetako Iturraran parketxera txangoa ere egin dute Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleek. Bertan ogia egin eta errota bisitatzeaz gain, inguruko soinu ezberdinak sentitzen eta entzuten aritu ziren.
Aurreko ikasturteko eskaeren erantzuna:
2016/2017 ikasturtean mugikortasun jasangarria aztertu zen Eskolako Agenda 21 egitasmoan. Ikasleek landutako proposamenen berri eman zieten udal ordezkariei ikasturte amaieran egindako foroan. Udalak eskaerak aztertu ditu eta horien erantzunen berri eman die ikastetxeetako ordezkariei, haurrek beren proposamenak zertan diren jakin dezaten.