Eskualdeko Garapen Agentziak bi tailer eskainiko ditu ostegun goizean Saldise plazan; lehena, 10:30ean eta bigarrena, 11:30ean
Bereiztuta jasotzen diren hondakinen kantitate eta kalitatea hobetzeko helburuarekin abiarazitako informazio eta sentsibilizazio kanpainaren baitan, Eskualdeko Garapen Agentziak, tailer bereziak eskainiko ditu osteguneko azokan, ekainaren 14an, erosketetan hondakin gutxiago nola sortu azaltzeko helburuarekin.
Tailerrak, Karlos Saldise plazan egin ohi den azokan egingo dira eta, horietan, hondakinak murrizteko aholku eta aukerak oinarri hartuta benetako erosketak egingo dira. Horrela, herritarrek merkatuan azaldutako aukerak praktikan jarri ahal izango dituzte.
Erosketak modu jasangarriagoan egiteko 2 erakustaldi:
Kasu honetan, 2 erakustaldi gidatu eskainiko zaizkie herritarrei eguneroko erosketetan hondakin gutxiago nola sortu azaltzeko. Horretarako, zein aukera dituzten azaldu eta hainbat aholku emango zaizkie herritarrei, hala nola, tupper edo potoak erabiltzea, plastikozko poltsa gutxiago erabiltzea edota horiek berrerabiltzea, besteak beste.
Erosketetan sortzen ditugun hondakinak murrizteko erabil daitezkeen aukeren adibideak erakusgai izango dituzte herritarrek. Halaber, eskuorriak ere eskuratu ahal izango dituzte erosketak egiteko urrezko 10 arauekin (erosketak egitean sortzen ditugun hondakinak murrizteko jarraibideekin) eta hondakinak arazo izatetik baliabide izatera igarotzeko, birziklatu aurretik hauek murriztu eta berrerabiltzearen garrantziaz ohartzeko informazioarekin.
Beraz, 2 tailer eskainiko dira: 10:30ean lehena eta 11:30ean bigarrena.