Hondakin gutxiago sortzeko tailerrak osteguneko azokan

Ar, 2018-01-30 12:17

Eskualdeko Garapen Agentziak abiarazitako informazio eta sentsibilizazio kanpainaren baitan eguneroko erosketetan hondakin gutxiago sortzeko tailer praktikoak eskainiko dituzte ostegun honetako azokan

Bereiztuta jasotzen diren hondakinen kantitate eta kalitatea hobetzeko helburuarekin abiarazitako informazio eta sentsibilizazio kanpainaren baitan, Eskualdeko Garapen Agentziak, tailer bereziak eskainiko ditu ostegun honetan, Karlos Saldise plazan egin ohi den azokan.

Hondakin gutxiago sortzeko helburuarekin:

Zehazki 3 erakustaldi gidatu eskainiko dira herritarrei eguneroko erosketetan hondakin gutxiago nola sortu azaltzeko. Hondakin gutxiago sortzeko zein aukera dituzten azaldu eta hainbat aholku emango zaizkie herritarrei, hala nola, tupper edo potoak erabiltzea, plastikozko poltsa gutxiago erabiltzea edota horiek berrerabiltzea, besteak beste.

3 tailer eskainiko dira: 10:45ean lehena, 11:30ean bigarrena eta 12:15ean azkena.

Mahai batean kokatuta izango dira Garapen Agentziako kideak eta zalantzak dituen edonor gerturatu daiteke tailerretan parte hartzera.

Birziklapenari buruzko informazio eta sentsibilizazio kanpaina otsailaren 2an amaituko da. Beraz, datozen egunetan, oraindik, 2 ingurumen teknikari eta 6 informatzaile herri erdiguneko zein landa eremuko edukiontzi guneetan izango dira herritarren zalantzak argitzen.

Dena den, maiatzeko lehenengo astean, teknikari zein informatzaileak Lezora itzuliko dira azken errepasoa egitera.

 

Arloa edo saila