Irailean hondakin bilketarako sistema aldatu zen eta geroztik, azken datuen arabera, Lezon sortutako hondakinen %70 inguru gaika bildu da. Aurretik zegoen Atez Ateko bilketa sistemaren datuekin alderatuta, ehunekoa hiruzpalau puntu inguru jaitsi da eta, hori dela eta, gobernu taldeak, bilketa datuak hobetzea helburu hartuta, elkarlana eskatu die herritarrei.
2017an ezarri zen hondakinak gaika biltzeko edukiontzi bidezko sistema berria Lezon, herritarrei birziklatze lanak errazagoak eta erosoagoak egiteko helburuarekin. Izan ere, bilketa sistema berriak lezoar guztiei ahalbidetzen die zaborrak asteko edozein egunetan dagokion edukiontzian botatzea, norberarentzat aproposena den orduan.
Horretarako, edukiontzi grisa eta marroia (egunero) irekitzeko txartelak banatu zituen Udalak. Era horretan, bi edukiontzi horien kontrola egin daiteke bertan utzitako hondakinen jarraipena egiteko eta edukiontzi marroira organikoa ez den bestelako hondakinik bota ez dadin ziurtatzeko.
Azken bilketa datuen arabera, Lezon sortutako hondakinen %70a gaika bildu da azken hilabeteetan. Aurreko datuekin alderatuta- %74, %73, %75- tasak hiruzpalau puntu behera egin duela ikus daiteke eta, hori dela eta, Udaletik herritarren elkarlana eskatu dute bilketa datuak hobetzea lortzeko.
Gobernu taldeak beste behin gogorarazi du sistema honen arrakastak, beste edozein sistemarenak bezala, hein handi batean herritarren borondatean eta elkarlanean duela oinarria. “Behin baino gehiagotan esan dugun bezala, gaikako bilketarako baliatzen den sistema edozein dela ere, guztion ardura da etxean sortzen ditugun hondakinak birziklatzea eta modu egokian bereiztea, horiek gaika dagokien edukiontzira atera ahal izateko eta bide batez, bilketa datuak hobetzea lortzeko”, adierazi dute.
Dena den, gobernu taldea pozik dago azken hilabeteetako bilketa datuekin, izan ere, jakitun dira aldaketa guztiek egokitzeko eta hobekuntzak txertatzeko epea behar dutela eta, beraz, aldaketaren aurrean herritarrek izan duten jarrera eta erantzuna eskertu eta aintzat hartu dute. “Ziur gaude pixkanaka bilketa datuak hobetuko ditugula eta, horretarako, gure aldetik beharrezkoak diren aldaketak eta hobekuntzak ere egingo ditugu, hala nola, zenbait zonetan bilketa maiztasuna areagotzea. Halaber, informazio eta sentsibilizazio kanpainak egiten jarraituko dugu herritarrei birziklapen lanetan laguntzeko eta lezoarrak hondakinak murrizteak, berrerabiltzeak eta birziklatzeak duen garrantziaz kontzientziatzeko, izan ere, horrela lortuko baitugu gure ingurunea babestu eta zaintzea”, amaitu dute.