Udalak dei egiten die herritarrei, edukiontzi bidezko sistema modu egokian erabiltzeko

Or, 2017-10-13 10:34

Udalak berretsi du guztion ardura dela sistema berria modu egokian erabiltzea bilketa datuak hobetzea lortzeko. Era berean, edukiontzien kanpoan poltsak uzten dituzten herritarrei errespetuz eta gizalegez jokatzeko eskatu diete.

Asteak igaro dira hondakin bilketarako sistema berria udalerri osoan martxan jarri zenetik. Aldaketa orok egokitzapen denbora bat eskatu ohi du, hori aintzat hartuta eta herritarrei erraztasunak emate aldera, Udalak sistema berriari buruzko zalantzak argitzeko eta informazioa eskuratzeko bide ezberdinak jarri ditu herritarren eskura.

Badirudi, baina, zenbat pertsonek ez dutela aldaketarekin bat egin nahi eta jarrera horrek arazoak sortu ditu bilketa puntu batzuetan. Udal ordezkarien esanetan “ez da bidezkoa hondakinak gaika modu egokian sailkatzen eta ateratzen jarraitzen duten herritarrek edukiontzien kanpo aldean poltsak aurkitu behar izatea eta ez da bidezkoa ere, gauzak ondo egin nahi ez dituztenen edota sistema ukatu nahi dutenen jarreragatik, batzuen birziklapen lan eta esfortzua kaltetzea, ondoren, gainera, sistema egokia ez dela eta emaitzak lortzen ez direla salatzeko”.

Horren harira, Udaletik beste behin erantzukizunez jokatzeko eskatu diete herritarrei, guztion ardura delako sistema berria modu egokian erabiltzea datuak eta emaitzak hobetzeko, “ez du balio sistemak emaitza onak bermatzen ez dituela esatea, norberak bere esku dagoena egiten ez badu eta sistema modu egokian erabiltzen ez bada, norbera bere etxean sortzen dituen hondakinen erantzule da, edozein delarik ezarria dagoen sistema” gehitu dute.

Horregatik, Udalak edukiontzi bidezko sistema modu egokian erabiltzera edota erabiltzen jarraitzera, batzuen kasuan, deitu ditu herritarrak, sistema berria erosoagoa eta erabilerrazagoa delako herritarrentzat. Eta arrazoi ezberdinak medio, poltsak edukiontzien kanpoan uzten dituzten herritarrei errespetuz eta gizalegez jokatzeko eskatu diete.

 

Arloa edo saila