Udalak gogorarazi du guztion ardura dela gaikako bilketa egokia egitea, gaikako bilketa tasak hobetzea lortzeko. Era berean, azpimarratu dute sistema berria erosoagoa, garbiagoa eta ekonomikoki jasangarriagoa dela.
Aste gutxi igaro dira Udalak hondakinak biltzeko edukiontzi sistema berria Altamira auzoan ezarri zuenetik. Halere Udaletik herritarrak zoriondu dituzte eta eskerrak eman dizkiete azaldutako jarrera eta borondateagatik asko baitira gaikako bilketa egokia egiten jarraitu duten herritarrak, orain, sistema berria erabilita. Gauzak horrela, Udalak gaikako bilketa egokia egiten jarraitzera animatu ditu lezoarrak eta gogorarazi du guztion ardura dela sistema behar bezala erabiltzea eta gaikako bilketa egokia egitea bilketa emaitzak mantendu edota hobetzea lortzeko.
Horren harira, udal gobernu taldeak azpimarratu du sistema berriak modu egokiagoan erantzuten diela herritarren behar eta ohiturei. Era berean, edukiontzi bidezko sistemak hondakinak etxean bilduta izan ordez, egunero ateratzeko aukera ematen duela ere gehitu dute, hori dela eta, sistema erosoagoa dela berretsi dute eta horrek emaitzak hobetzen lagunduko duela ziur daude.
Bestalde, sistema erosoagoa izateaz gain, garbiagoa, atez atekoa bezain eraginkorra edota eraginkorragoa eta ekonomikoki jasangarriagoa dela nabarmendu dute. Izan ere, udalerri osoan ekaina aldera ezarriko den edukiontzi bidezko sistema berriarekin, Lezok, urtean 268.500 euro aurreztuko ditu.
Azkenik, udal gobernu taldeak gogorarazi du aldaketaren helburu nagusia egungo sistema hobetzea dela herritarrei birziklapen lanak errazteko eta gaikako bilketa datuak hobetzea lortzeko. “Ziur gaude, Altamirako bizilagunek bezalaxe, edukiontzi bidezko sistema udalerri osoan ezartzen denean herritarrek ondo erantzungo dutela eta behar bezala erabiliko dutela sistema berria, guztiok helburu bera dugulako: gaikako bilketa datuak hobetzea eta guztion esku dago eta guztion ardura da helburu hori lortzea" amaitu du Jesus Maria Martiarena Lezoko alkateak.